Santiagoko azokan, lekaleak protagonista

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 20a, 10:00

Arabako 50 ekoize bilduko dira uztailaren 25eko azokan, Gasteizko campusean

Paparra atera eta Arabako produktuak erakutsi eta saltzeko unea da urtero Santiago eguneko nekazaritza azoka, Unibertsitatearen gunean. Aurten, 50 ekoizle baino gehiagok parte hartuko dute hitzorduan, eta 20 produktutik gora erakutsiko dituzte; horien artean, bereziki bat izango da edizio honetako protagonista: lurraldeko lekaleak. Izan ere, elikagai horren nazioarteko urtea da 2016a, Nazio Batuen Erakundeak hala izendatuta. Hori dela eta, Hara baba pintoa izango da asteleheneko leloa (gazteleraz, Álava pinta bien). 

Lurraldeko fruitu leguminosoak ezagutzera emateko, herri-dastatze bat eskainiko du Boilurrek, Arabako elkarte gastronomikoen federazioak. Sakramentuz lagundutako babarrun pintoa banatuko du, baita arroz babarrunak entsaladan ere. Produktu horrekin lotuta bestelako jarduera batzuk antolatu dituzte, tartean lekale osasungarriak sukaldatzen ikasteko tailerra.

Minbizia duten umeekin elkartasuna

Bi euroan salduko dira lekaleak dastatzeko txartelak, baita Slow Food elkartearen gustu-laborategikoak ere. Bildutako dirua Aspanafoha elkartearentzat izango da, minbizia duten umeekin egiten duen lanari bultzada emateko. 

Bestalde, landa eremuko hainbat elkarte eta ekimenen elkargunea izango da azoka: UAGA nekazarien elkartea, Garlan lekale-kooperatiba,  Urbide fruta eta barazki ekologikoen ekoizlea eta Lautadako landa ingurunearen garapenerako elkartea bilduko dira, besteak beste, campusean. Aniztasuna egongo da ere abere erakusketan: Arabako ustiategietan hazitako sei espezie egongo dira ikusgai, 14 arrazakoak; horietatik hamar, arabarrak.

 

 

Erlazionatuak

Astoen ordez, barrika lasterketa

Itsaso Estarrona 2016 uzt 18 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide