Edukiontzietatik kanpo dauden poltsak jasotzeak urtean milioi bateko kostua du

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 29a, 15:11

Garbitasunarekin, birziklapenarekin eta ingurumenarekin herritarren konpromisoa bilatzen duen kanpaina aurkeztu du Gasteizko Udalak.

Gaur goizean Gasteiz berdeago bat bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Gasteizko Udalak. Zuk egiten duzu Gasteiz bene-benetan berdea du izena eta garbitasunarekin, birziklapenarekin eta ingurumenarekin pertsonen konpromisoa bilatzen du. Helburuak, besteak beste, herritarrei entzutea arlo horretan gauzak hobeto egiteko eta Gasteiz benetan berde egitea dira. “Gasteiztarrei ere konpromisoa eskatu nahi diegu jokabide egokiagoak izateko”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak eta gaineratu du: “herritarrek ez badute hiri berdeago bat egiteko konpromisoa hartzen, Udalak ezingo du bakarrik egin”.

Ildo horretan, “orain edukiontzietatik kanpo ikusten ditugun poltsak jasotzeak urtean milioi bateko kostua” duela gogorarazi du Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusillak. Izan ere, eta herritarren jokabideak zuzentzeko kanpaina berezia abiatuko du Udalak uztailaren 7tik aurrera, Alde Zaharrean, Ibaiondo, Salburuan eta Zabalganan, batez ere, gune beltzak identifikatu baitira.

Aldaketak Alde Zaharrean

Alde Zaharrean, esaterako, aldaketak egingo dira sisteman, zaborra bilketa pneumatikorako ontzietan sartzeko eta birziklatze portzentajea handitzeko. Horretarako, ontziak, papera eta kartoia biltzeko orain dauden ahoak gainontzeko zaborra biltzeko erabiliko dira. Horrez gain, bilketa pneumatikoko 41 aho hori gris (gainontzekoa) bihurtuko dira eta auzoan 12 irla gehiago jarriko dira, edukiontzi urdinak  eta horiak dituztenak. Lehendik zeudenak ere utziko dira eta orain bakarrik edukiontzi urdina dagoen lekuetan horia ere jarriko da.

Konpromiso berdeak

Gaur aurkeztu duten Zuk egiten duzu Gasteiz bene-benetan berdea kanpainaren bitartez, herritarrei proposatuko zaie egun %25ean dagoen etxeetako hondakinen birziklatze tasa %50 bihurtzea. Era berean, hirian autoz egiten ditugun kilometroak %20 gutxitzea eta etxeen eta ibilgailu pribatuen energia-kontsumoa  20 gutxitzea lortu nahi du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide