Gizon batek emakume bat hil du Gasteizen

Erredakzioa 2016ko eka. 21a, 13:41
Abetxuku inguruan aurkitu dituzte emakumearen gorpuzkiak.

Aurtengo bigarren hildakoa da Araban, biolentzia matxistagatik. Goizeko hamaikak aldera emakume baten gorpuzkiak aurkitu ditu Poliziak Zadorra ibaian, ustezko hiltzaileak hil egin duela aitortu ondoren.

Bart gauen gizonezko batek Ertzaintzari jakinarazi dio 60 urte inguruko emakumea hil eta gorpua Zadorra ibaira bota duela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustezko hiltzailea, 43 urteko gizona, atxilotuta dago eta gizonak esandakoa egiaztatzeko ikerketa abiatu du Poliziak. Urpekariak Abetxuku inguruan ari dira emakumearen gorpua bilatzen. Goizeko hamaikak aldera topatu dituzte gorpu baten arrastoak, zerra batekin eta beste tresna batzuekin batera.

Atxilotuaren arabera, eztabaida bat izan zuen emakumearekin, eta hil egin zuen, Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza batean. Ondoren, gorpua zatitu eta Zadorra ibaira bota duela adierazi du. Gasteizko epaitegiak sekretupean ezarri du sumarioa.

Iturri ofizialen arabera, biktimak eta ustezko hiltzaileak elkar ezagutzen zuten, eta emakumea gizonaren etxera joaten zen noizean behin. Hainbat komunikabidek gaineratu dute droga eta alkoholarekin arazoak zituztela biek, eta gizonezkoak neskalaguna zuela. Biktimen artean "harreman afektiborik" ez dela probatu-eta, genero indarkeria kasu bat izatea zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Josu Erkorekak (EAJ), bikote harremanik egon ezean Espainiako legediak ez duelako  hilketa hori genero-biolentzia gisa aintzat hartzen. 

Adierazpen horien aurrean, gordin mintzatu da Euskal Herriko Mundu Martxa: "Ez zutela harremanik? Eta zer? Gizon  batek emakume bat erail du, eta horrek sistema heteropatriarkala du oinarri". Emakundek, bere aldetik, ohar labur bat kaleratu du, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean gizarteari "jarrera aktiboa erakutsi dezan" eskatuz.

 

Hiru hildako 14 hilabetetan

Hamalau hilabetetan hiru hilketa matxista gertatu dira Gasteizen. Iazko apirilean, 29 urteko emakume bat hil zuen senarrak Ricardo Buesa kalean. Bigarren biktima urte t'erdiko Alicia haurra izan zen, urtarrilaren 25ean. Bere amarekin harremana zuen 30 urteko gizon batek leihotik behera bota zuen, Askatasun kalean. Bost hilabete baino pasa ez direnean, hirugarren biktima bat utzi du biolentzia matxistak: auzokideek Txema bezala identifikatu duten Alde Zaharreko gizon batek Margarita izeneko 60 urteko laguna hil du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide