"Laster ezagutuko ditugu Gasteiz Antzokirako kokapen posibleak"

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 3a, 10:26

Ekainaren 13an urtebete egingo du Gasteizko alkatetzan Gorka Urtaran jeltzaleak. ALEArekin egindako elkarrizketan, "Gasteiz Antzokiaren kokapenari buruzko txostena datozen asteetan" ezagutuko dugula iragarri du. 

Fitxa

Gorka Urtaran Agirre

Jaiotza: Gasteiz, 1973.

Ikasketak: Soziologian lizentziatua eta Migrazioetan masterra (EHU). Oinarrizko hezkuntza San Viatorren egin zuen, eta batxillergoa Los Herran institutuan. 

Euskaldunberria: Gasteizko IKAn ikasi zuen euskaraz. 2000. urtean EGA atera zuen. 

Ibilbide politikoa: Euzko Gaztedi erakunde jeltzalean hasi zen politikan, 17 urterekin, eta 21ekin EAJra afiliatu zen. Arabako Batzar Nagusietan prokuradore izan da (2007-2011), eta EAJren Gasteizko udal-taldean bozeramaile (2011-2015). Gasteizko alkatea da 2015etik.

  

Urtebete igaro da 2015eko ekainaren 13an Javier Maroto (PP) alkate izateari utzi zionetik. Hauteskundeetan hirugarren geratu bazen ere, Gorka Urtaran jeltzaleak hartu zuen Gasteizko aginte-makila, "aldaketaren indarren" babesari esker: EH Bildu, Hemen Gaude (Podemos) eta Irabazi (Ezker Anitza eta Equo). Sozialistek ez zuten orduan bere alde bozkatu, EAJk PSErekin duen gobernagarritasun-akordioa hautsi zuelako Andoainen; baina, pitzadurak pitzadura, Gasteizko udal-gobernuaren jarduna errazteko ituna sinatu zuten elkarrekin, eta lau zinegotzi sozialista sartu berri dira hiriaren gobernuan. Giro horretan, datozen hiru urterako erronken berri eman dio alkateak aleari. 

(...)

Galdeketa herritarrak egiten hasiko da Udala. Lehena, agian, zezenei buruzkoa. Zeren aldeko botoa eskatuko zenuke?

Ezetzaren aldekoa. Entzierroak gustuko ditut, baina zezenketak oso krudelak iruditzen zaizkit, zaleak errespetatzen baditut ere. Alkate bezala, ez dut inoiz zezenketetarako diru publikorik jarriko. 

Baina plaza prestatzeko diru publikoa jartzen du Udalak...

Bai, aldez aurretik sinatutako kontratu bat bete behar dugulako. Udalak zezen-plaza eta hondarra jarri behar ditu. Dirua eskatu digutenean, ordea, ezetz esan diegu.

Gasteiz Antzokia ere trabatu samar dagoela dirudi. Aurrerapausorik ez?

Aurreko legealdian Oihaneder Euskararen Etxea jarri zen martxan, eta orain proiektu horren bigarren hanka abiatu behar dugu: Gasteiz  Antzokia, hiriarentzat estrategikoa. Kokapen egokiena zein den erabakitzeko azterketa bat eskatu dugu, eta datozen asteetan jasoko dugu txostena, leku posibleak ezagutzeko. 

Datozen hiru urteetara begira, zer proiekturekin zara baikorren?

Hauxe da nire asmo nagusia: 2019ean gasteiztarrok esan ahal izatea 2015ean baino hobeto bizi garela. Horrez gain, beste proiektu asko ditugu esku artean: tranbia luzatzea, BRT autobus azkarrak ezartzea, bizikletaren erabilera sustatzea, adinduen bizi-kalitatea hobetzea...

Gora Gasteizen izpirituak eraman zintuen alkatetzara. Zer neurri hartzen ari zara  elkarbizitzaren alde?

Elkarbizitzarako eta aniztasunerako zerbitzu bat sortu genuen, eta horretan ari gara. Gasteizek hiri modernoa izan nahi baldin badu –eta bada–  anitza izan behar da. Herritarren harremanak ez ditugu gatazkan oinarritu behar, elkarbizitzan baizik.

Hiru errefuxiatu iritsi berri dira. Gutxi, ezta?

Tanta-kontagailuarekin iristen ari dira, baina jendeak jakin behar du Gasteiz hiri anitza dela, solidarioa. 

Ez al duzu uste kalean ere bestelako giro bat bizi dela, mezu arrazistak oinarri?

Hori ere badago, ezkutuago. Diskurtso hori oraindik ere existitzen da eta noizbehinka Alderdi Popularrak azaleratzen du. Oro har, hala ere, Gasteiz hiri solidarioa da, eta harrera ona egingo diegu errefuxiatuei.

Kalean, ahoz-aho dabil oraindik ere gizarte-laguntzei lotutako iruzurra. Nola bizi izan zenuen zuk hori, Gizarte Sailean lan egiten zenuenean?

Pentsa: 2005ean, Alfonso Alonso alkate zela, iruzurraren kontrako protokoloa idaztea egokitu zitzaidan. Oso emaitza onak izan zituen, ez bakarrik atzerritik iritsitakoekin, baita bertan jaiotakoekin ere, eta esan beharra dago iruzurra ez dela inoiz %6tik gorakoa izan.  

 

Laburrean: 

"Politikan, gezurra da itsusiena"

Ekainaren 13a, alkate izendatu zintuztenekoa.

Ahaztuko ez dudan eguna. 

Zure lehen urteko momenturik zailena…

Alicia txikia hil zutenean.

Eta pozgarriena?

Aurrekontuak onartu genituenean.

Datozen hiru urterako erronka nagusia… 

Gure bizi-kalitatea hobetzea. 

Politikan gauzarik itsusiena…

Asko daude, baina... gezurra. 

Javier Maroto. 

Oso desberdinak gara. 

Jose Angel Cuerda. 

Aitzindari bat. 

Politikan erreferente bat. 

Hiriko politikan, Cuerda. Euskadi mailan, Ibarretxe lehendakaria.

Eta bizitzan iparrorratza?  

Familia.

Bizikleta. 

Pasio bat, eta hiritik mugitzeko garraiorik onena. 

Gasteizko auzo bat. 

Erdialdean bizi naiz, baina alde zaharrarekin geratuko naiz. 

Hiru urte barruko udal-hauteskundeak.

Ez naute kezkatzen. Gauzak ondo egitea da nire kezka. 

Funtzionario lana faltan botatzen al duzu?

Nire emazteak botatzen du faltan, batez ere. 

 

Elkarrizketa osoa, 63. ALEAn. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide