Azpiegitura berdearen proiektua definitu nahi dute Zabalganan

Erredakzioa 2016ko mai. 25a, 11:33

Gasteizko Udalak eta Zabalgana Batuz elkarteak partaidetza-lantegi bat antolatu dute, auzoko berdeguneak eta hutsik dauden lursailak azpiegitura berdearen ikuspuntutik hobetzeko proposamenak jasotzeko.

Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Ingurumen Sailak, Zabalgana Batuz elkartearen laguntzarekin, herritarrentzako partaidetza-lantegi bat antolatu dute, Zabalganeko berdeguneak eta hutsik dauden lursailak azpiegitura berdearen ikuspuntutik hobetzeko ideia eta proposamenak jasotzeko. Udalak berriki martxan jarri duen Gasteizko Hiri-azpiegitura Berdea, auzoz auzo proiektuaren baitan sartzen da partaidetza-prozesu hori. Helburua  hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, eta, aldi berean, horien kudeaketak eta mantentze-lanek sortzen dituzten gastuak gutxitzea da”.

Lakua auzoan hasi da garatzen proiektua, esperientzia pilotu gisa, eta orain hiriko beste auzo batzuetara zabaltzea da asmoa, Zabalgana auzotik hasita. Horretarako, hasierako faseetatik, auzokoen eta kolektibo sozialen partaidetza eduki nahi da. Auzoko berdeguneetan bideratuko diren jarduera eta proiektuak definitzen lagunduko dute lantegitik ateratzen diren ideia eta proposamenek.

Lantegiak

Hainbat saio eta bisitaldi tekniko izango ditu lantegiak, horietako lehena ekainaren 1ean, 18:30ean, Zabalganeko Santa Klara parrokian. Ekainaren 8an hurrena, Lakua auzoan barrena egingo den bisitaldi tekniko gidatu bat, bizikletaz, non azalduko diren auzo horretan hutsik dauden berdegune eta lursailetan egin diren jarduerak.  Bisita hori 18.00etan izango da, Ibaiondo gizarte etxetik abiatuta. Lantegiaren partaidetza-saioak irailean edo urrian izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide