20 urte Gasteizko ingurumena zaintzen

Erredakzioa 2016ko eka. 1a, 17:30

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren urteurrena ospatzeko, Aste Berdea antolatu dute, Gasteizek datozen urteetan ingurumenaren arloan aurre egin beharko dien erronkak ezagutarazteko.

Gasteizko ingurumena zaintzen duen sailak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, 20 urte beteko ditu eta ekainaren 5ean Ingurumenaren Mundu Eguna dela aprobetxatuz, jardueraz betetako Aste Berdea antolatu dute. Bertan, erakundeek, adituek eta herritarrek parte hartuko dute eta hiriak datozen urteetan ingurumenaren arloan aurre egin beharko dien erronkak ezagutarazi eta horiei buruz eztabaidatu eta hausnartuko dute.

 Ekainaren 2tik 5era arte, besteak beste, jardunaldi teknikoak, jarduera sozial handia, Atarian, eta ekitaldi zentrala, Europa jauregian, egingo dira. Horren barruan, toki mailako klima trantsizioa aztertuko da, NBEren Klima Aldaketari buruzko 21 Biltzarraren baitan (COP-21) Parisen izan zen lider lokalen mundu-gailurraren ildotik, non Gasteizko alkate Gorka Urtaranek parte hartu zuen.

 “Bi hamarkada horietan IGIk ingurumenaren, mugikortasunaren eta energia-eraginkortasunaren alorrean berrikuntza eta ikerketa gune gisa egindako lana nabarmendu nahiko nuke”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Jarduera anitz

Jarduerak ekainaren 2an hasiko dira, Ingurumen Hezkuntzari buruzko IV. Jardunaldi Teknikoekin. IGIk eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dituzte, Ataria interpretazio zentroan, eta aurten lorategi botanikoak izango dituzte hizpide. Egun berean, arratsaldean, ekitaldi soziala egingo da Europan, CONAMA fundazioaren laguntzarekin, erakunde horretako adituak Gasteizera etorriko baitira. Espainiako zenbait hiritako arduradunek trantsizio energetikoa eta Parisko konpromisoak nola gauzatu aztertuko dute.

Ekainaren 3an, berriz, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren 20. urteurrena ospatuko da: azken 20 urteotan IGI eratzen lan egin eta lagundu duten pertsonak, kolektiboak, enpresak, elkarteak eta erakundeak bilduko dituen ekitaldi soziala egingo da Atarian.

Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Eguna dela eta, jaia egingo da Atarian. Hainbat jarduera ekologiko antolatu dira, hala nola trebetasun-jolasak material birziklatuekin, energia berriztagarriak baliatzen dituzten tresnen erakusketa, sukaldaritza ekologikoko jakiak dastatzea eta lantegiak. Gainera, Peña Karria mendi taldeak Eraztun Berdearen oinezko bira antolatu du. Gizarte etxeetan eman behar da izena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide