Gasteizek bat egingo du larunbatean 'Planetaren ordua' ekimenarekin

Erredakzioa 2016ko mar. 15a, 12:48

20:30etik 21:30era hiriko leku esanguratsuenetako argiteria publikoa itzaliko dute. Egitasmoaren helburua mundu osoan ingurumenaren aldeko ahotsak batzea da.

Datorren larunbatean, hilak 19, Gasteizek berriro bat egingo du WWF (World Wildlife Fund for Nature) erakundearen “Planetaren Ordua” ekimenarekin, ordubetez argiak itzaliz mundu osoan ingurumenaren aldeko ahotsak batzeko asmoa duena. Hortaz, 20:30etik 21:30era udalak itzali egingo du argiteria publikoa leku esanguratsuenetako batzuetan: Andre Maria Zuriaren plaza, Plaza Berria eta San Migel eliza. Herritarrei ere keinu bera egin dezaten eskatzen zaie.

Planetaren Ordua ingurumenaren aldeko ekimen global garrantzitsuena da: iaz mundu osoko 172 herrialdek eta 10.000 hirik hartu zuten parte, mila miloi pertsonak baino gehiagok eta milaka enpresak.

“Itzali argia eta aldatu klimaren alde” izango da aurtengo  Planetaren Orduaren leloa.  20:30etik 21:30era, mundu osoko argiak ordubetez itzaliko dira, klimaren alde jarduteko unea dela gogoratzeko. Kanada, Frantzia, Flandria eta Europa iparraldeko hirietan, ostalariek bat egiten dute ekimenarekin, dibulgazio ekintzak eta ekintza ludikoak antolatuz, esaterako, argiak itzaliz edo kandelak piztuz. Alkateak gonbit egin die hiriko establezimenduei, ahal duten neurrian klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ekimen horretan parte har dezaten.

Gasteiz, klima aldaketaren kontrako borrokan

Iazko abenduan Parisen egindako Klimaren Gailurrean Gasteizek bat egin zuen klima aldaketaren kontra borrokatzeko itunarekin. “Hitzordu historiko hartan hartutako konpromisoetako bat klima aldaketaren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzea izan zen”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Argi geratu zen, halaber, hirien zeregina funtsezkoa dela planetaren beroketa eragozteko, arazo globala izan arren tokian tokiko erantzuna eman behar diogulako. Populazioaren % 60 hirietan metatzen da, eta bertan sortzen da atmosferarako emisioen % 80. Horrenbestez, gure udalerrietan klima-aldaketaren kontra hartzen diren neurriak oso garrantzitsuak dira. Gasteiz beti izango da buru borroka horretan”, nabarmendu du Urtaranek.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide