The Who, bigarren kartelburua Azkena Rocken

Anakoz Amenabar 2016ko mar. 15a, 12:53

Primal Scream, Lucinda Williams, Gutterdammerung eta Radio Birdman ere izango dira Gasteizen, ekainaren 17 eta 18ko jaialdian.

 

Azkena Rock jaialdiko taldeen zerrenda ixten doa. Iragarritako Primal Scream eskoziarrekin batera, The Who talde britainiarra ere izango da kartelburu ekainaren 17 eta 18an Gasteizen ospatuko den jaialdian.

 

Roger Daltrey abeslaria eta Pete Townshend gitarra jolea Mendizabalako oholtzan izango dira azkeneko urtean zehar egiten ari diren The Who Hits 50 agur biraren barruan. 1964an Londresen sortutako laukoteak –John Entwistle eta Keith Moon ere izan ziren hasieran– ehun milioi disko baino gehiago saldu ditu egunera arte; hasieran The Detours izena hartu zuten, ondoren High Numbers, eta, azkenean, The Who izena hartu zutenean heldu zitzaien lehenengo arrakasta, I Can't Explain abestiarekin. Quadrophenia edota Tommy lanek ezagun egin dituzte mundu mailan 50 urte hauetan zehar; Euskal Herrian 2007an izan ziren azkeneko aldiz, Barakaldoko Bizkaia Arenan orduan. 

The Who taldearekin batera, besteak beste, Primal Scream, Lucinda Williams, Gutterdammerung, Blackberry Smoke, Radio Birdman, Refused, Vintage Trouble, Supersuckers, Marky Ramone's Blitzkrieg, The Coup eta Cobra taldeak izango dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide