Asto lasterketaren ordez, upel lasterketa

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 17a, 11:58

Animaliak erabiltzeko debekuaren aurrean, 55 kiloko upelekin txapelketa egingo dute Gasteizko Blusek eta Neskek uztailaren 25ean

Udalak asto lasterketak debekatu eta hilabetera, txapelketa berria antolatu dute blusek eta neskek uztailaren 25ean haien eguna ospatzeko: animalien ordez, upelak erabiliko dituzte, Gasteiz Wine City elkarteak hala proposatuta. 

Duela 53 urte egiten zuten blusek eta neskek asto lasterketa Andre Maria Zuriaren plazan. Aldiz, Animalien edukitzeari eta babesteari buruzko Gasteizko arau berria urratzen zuen txapelketa horrek, "animalien tratu txarrik gabeko hiria" izendatutako hiriburuan. Iaz, hain zuzen, 11.000 sinadura baino gehiago bildu zituen animalien defentsarako ATEA elkarteak, txapelketa bertan behera uzteko. Testuinguru horretan, ugaztunen erabilera debekatu zuen urtarrilean Udalak, eta Blusa eta Nesken batzordeari alternatibak bilatzeko dei egin zien.  

Gaur jakinarazi du kolektiboak bere ekimen berria: upel lasterketa, asto lasterketaren ordez (Borricos por barricas, gaztelaniaz bidalitako prentsa oharrean zehaztu zutenez). Kanpotik iritsi zaie proposamena: Gasteiz "ardoaren hiriburu" bihurtu nahi duen Wine City elkartetik, zehatz-mehatz. 

Italian aurrekariak

Euskal Herrian upel lasterketa gehiago egin izan badira ere (Corellan, esaterako), lasterketa berriaren aurrekariak Italian bilatu dituzte: ardo ezagunak dituen Toscana eskualdeko Montepulciano herrian, zehazki. Bertan, zaldi lasterketa egiten zuten XIV. mendetik, 1974an ardo upel txapelketa batekin ordezkatu zuten arte. 

Sari bezala, 225 litro ardo

Gasteizko lasterketa erdialdeko lau kaletik pasako da: Posta kalea, Urrezko Zeledoien plaza (Correos), Plaza Berria eta Andre Maria Zuriaren enparantza, ondoren Posta kalera itzultzeko. Hutsik mugituko dituzte 55 kiloko upelak, bikoteka, bi itzulitan: lehenengoan, irteera ordenerako sailkatuko dira; bigarrenean,  bizpahiru aldiz egingo dute  zehaztutako ibilbidea, 1,2 kilometro eginez. Irabazleek 225 litro ardoz betetako upela jasoko dute abuztuaren 5ean, Andre Mari Zuriaren egunean. 

Asto lasterketaren debekuarekin pozik ez, eta Blusa eta Nesken batzordeak adierazi du txapelketa berriarekin azken urteetan  "bidelagun izandako asto guztiei" omenaldia egin nahi dietela. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide