Salburuko bizilagunak, merkataritza-gunearekin kezkatuta

Erredakzioa 2016ko ots. 8a, 12:38

Bertan eraiki nahi duten azpiegiturak hezeguneetan eragingo lukeen inpaktua zein den ezagutzera emango dute gaur Salburuan egingo den bileran.

Salburuko bizilagunak hezeguneetatik gertu merkataritza-gune bat eraikitzeko martxan dagoen proiektuarekin kezkatuta daude. Hori dela eta, bilera egingo dute gaur, asteartean, azpiegitura honek hezeguneetan eragingo lukeen inpaktua zein den ezagutzera emateko. Bertan izango dira Atariako Ingurumen teknikari Gorka Belandia eta Gasteizko Udaleko Ingurumen eta Hirigintza koordinatzaile nagusi Alvaro Iturritxa. Bihar, asteartean bilduko dira, 19.00etan Salburua Burdinbide auzo elkartearen egoitzan.

 Momentuz, proiektua geldirik

Aurreko astean, zeresana sortu zuen proiektu honek. Ostiralean, esaterako, Ekozaleak elkarte ekologistak Salburuko merkataritza-gune honen kontrako 5.856 sinadurak entregatu zituen San Antonio kaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoan. Horrez gain, talde ekologistak eta besteak beste, Irabazi eta EH Bildu udal taldeak proiektuaren aurka agertu ziren azken egunotan eta hori dela eta, proiektuaren inguruko eztabaida atzeratzea erabaki du Gasteizko Udalak.

Izan ere, atzo ospatu zen Hirigintza Batzordean eztabaidatzeko gaia zen baina azkenik, Gorka Urtaran alkateak auzia gai-ordenatik kentzea erabaki zuen, proiektuaren inguruko zalantza juridiko eta ingurumenekoak argitu bitartean. Proiektua gauzatzeko ebaluazio txosten bat egitea beharrezkoa dela diote Irabazik zein EH Bilduk, merkataritza-gunea babestuta dagoen leku batean egitea aurreikusten delako. Ingurumenak jasango duen inpaktua aztertzen duen txostena egitea agintzen du Euskadiko araudiak, diote udal talde hauek.

Horrela, gai honen inguruan galdetuko die udalak Eusko Jaurlaritzari zein Arabako Foru Aldundiari, hezeguneak babesteko eta arautzeko eskumena dutelako. Izan ere, iazko ekainean Kontserbatzeko Eremu Berezi eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu zuten partzela kokatuta dagoen eremua. Izendapen hau merkataritza-gunearen proiektua udaletxera heldu baino hilabete lehenago egin zen.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide