50 familiak hartuko dute parte ‘Etxe Berdeak’ programan

Erredakzioa 2016ko ots. 5a, 11:02

Programaren helburu nagusia ur eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzea da.

Gasteizko Udalak ‘Etxe Berdeak’ programaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioaren eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez.

Ingurumen zinegotzi eta IGIren lehendakari Borja Belandiak zehaztu duenez, 2016an 50 familiak hartu ahalko dute programan, aurrekoan baino 30 gehiagok. Helburu nagusia u eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzea da, aurrezteko neurriak eta jokabideak txertatzea, ingurumen arazoekiko erantzukizun kolektiboa indartzea, eta, azken batean, Gasteizen izaera “berdea” areagotzea. 

Iaz sortu zen ‘Hogares Verdes-Etxe Berdeak’ programa, eta 20 familiak hartu zuten parte. “Lehen edizio pilotuak izandako arrakasta kontuan hartuta, leku kopurua handitu dugu”, nabarmendu du Borja Belandiak.

Parte hartzeko

Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Ikasitakoa praktikatzeko aukera emango dieten tresna eta osagaien sorta ekologikoa ere jasoko dute. Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan (www.vitoria-gasteiz.org/hogaresverdes); posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz ere (945 161616, 4950 luzapena) eman daiteke izena. Bestetik, otsailaren 11n aurkezpen jardunaldi irekia egingo da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide