Aldaialde ikastetxea eraikitzeko eskatu dute inguruko familiek

Erredakzioa 2016ko ots. 3a, 09:37

Zabalgana osatzen dituzten auzoak hezkuntzak egindako eremu banaketa berean sartzea eskatzen dute.

 2013. eta 2014. urteetan jaiotako umeak dituzten Zabalganako hainbat familiak Aldaialde Lehen Hezkuntzako ikastetxea eraikitzea eskatu du. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak 2 eta 3 urte bitarteko umeentzako 92 plaza eskaintzen ditu etorkizuneko Aldaialde eskolan. Izan ere, iaz bezala informazio argirik jaso ez dutela salatu dute familiek ohar baten bidez. “Horren ondorioz, beldur gara iaz gertatutakoa errepikatuko ote den”. Iaz, oso familia gutxik aukeratu zuten Aldaialde eskola lehen aukera bezala, eta gurasoek salatu duten moduan, ez zituzten kontuan hartu ez bigarren ez hirugarren aukera. “Horren eraginez, haur asko beste auzoetako ikastetxe publiko zein hitzartuetara joan behar izan ziren”.

Egoera honen aurrean, eta hurrengo ikasturteko matrikulazioan berdina gerta ez dadin, Aldaialde eskola eraikitzeko eskatzen diete Eusko Jaurlaritza zein Gasteizko Udalari, “lehenengo aukerako matrikulak ez ezik, bigarrenak eta hirugarrenak ere kontuan hartuz”.

 Horrekin batera, Zabalgana osatzen dituzten auzoak hezkuntzak egindako eremu banaketa berean sartzea eskatzen dugu. “Hau da, gaur egun Aldaialde HLHI 3. zonaldean dago, baina Ikastola Borinbizkarra eta Elejalde auzoetako lurzati batean eraikiko da, 2. zonaldean, alegia. Ondorioz, nahiz eta ikastetxea bi auzo hauetan eraikiko den, bertako familiek ez dituzte zonaldeko puntuak lortuko”, azaldu dute familia kaltetuek.

  Aldaialde, lehen aukera

Azkenik, 2013an jaiotako haurrak oraindik existitzen ez den Aldaialde ikastetxea lehen aukera bezala jartzera behartuta daudela salatu dute, Zabalgana eta Mariturri eskoletan ez baitago leku librerik. Horrela, eta fisikoki zentrorik ez dagoenez, matrikula San Prundentzio kalean kokatzen den Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan egin behar dira.

 Modu berean 2014an jaiotako haurrak dituzten familiak ere animatu nahi dituzte eskola honetan matrikulatu ditzaten, beste bi eskolek daukaten eskaintzarekin ez baitago ume guztientzako plazarik. “Zabalgana auzoan sortutako ikastetxe berriak haurrek auzoko eskolan ikastea ekarriko luke. Urrun eta jendez gainezka dauden eskoletara joateko beharrik eduki gabe”, gaineratu dute Zabalganako familiek.

Erlazionatuak

Ikastetxea aukeratzeko ordua

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016 urt 28 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide