Hil egin da gizon batek leihotik bota zuen haur txikia

Erredakzioa 2016ko urt. 26a, 21:33

Hil da Alicia txikia, indarkeria matxistak Gasteizen utzi duen azken hildakoa. Atzotik larri zegoen Gurutzetako ospitalean, gizon batek sexu abusuak egin eta, jarraian, itxita zegoen leiho batetik bota ondoren.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan mila lagun inguru protesta egiteko bildu eta bi ordura jakin izan da zorigaiztoko albistea: hil da Alicia, atzo gizon batek leihotik bota zuen 17 hilabeteko ume txikia.

Askatasuna kaleko lehen pisu batetik bota zuen umea atzo goizean D.M. musika irakasle eta saxofoi-joleak, jatorriz sevillarra. Umeari sexu erasoak egin zizkiola aitortu dio Ertzaintzari erasotzaileak, EFE agentziaren arabera. Iturri horiek diotenez, atzo bikotekideak (18 urteko emakume brasildar bat) abusuak egiten harrapatu zuen gizona. Jarraian, erasotzaileak itxita zegoen leiho baten bitartez bota zuen emakumearen haurra. Gurutzetako pediatriako zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten umea, baina gaur iluntzean hil da, garezur eta garun traumatismo larrien ondorioz. 

Bi homizidio saio egitea egotzi diote 30 urteko gizonari, emakumea ere jo baitzuen. Ez du Ertzaintzaren aurrean deklaraziorik egin nahi izan. Medikuek ebaluatu bezain laster epailearen aurretik pasako da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide