San Anton eguneko zozketa ospatuko da igandean

Erredakzioa 2016ko urt. 15a, 12:31

San Anton eguneko zozketak 235 urte beteko ditu aurten. Egutegian munta txikiko jaia izan arren, gasteiztarrentzat berezkoenetako eta herrikoienetako bat da.

Urtarrilaren 17an, igandean, 15.15ean hasita egingo dira eguneko bi jarduera nagusiak: batetik, animalien bedeinkapena, San Pedro elizako atarian; bestetik, zozketak, betikoa udaletxean, eta umeentzako txokolatezko bi txerritxorena, Espainia plazan.

Udaletxeko bilkuren aretoan egiten da zozketa, eta adinekoak izaten dira protagonistak, haiek banatzen baitituzte sariak (aurten zortzi dira).

Aurten Maria Luisa Ortega andreak eta Felipe Ruiz de Angulo jaunak izango dute bolak ateratzearen ardura; Enrique Arana Ruiz-Cámara notarioak egiaztatuko du zozketaren emaitza.

Aurretik, San Pedro elizaren atarian Maritxu txerri emea bedeinkatuko da -250 kilotik gorakoa, Arangiztik ekarritakoa-, eta berak erakarriko ditu ekitaldi honetara bere maskotekin joan ohi den jendearen begiradak.

Zozketa egin ondoren, Udalak "sokonuskoa" eskainiko die gonbidatuei, jai egun horretako ezaugarrietako bat baita. Jatorri mexikarra du hitz horrek, eta kalitate goreneko kakaoaz egindako txokolatea da; horrekin abtera papereko bizkotxoak, gantzezko opila, bolatuak (labean egindako merenge limoidunak, uretan urtzen direnak) eta ardo goxoa hartzen dira.

Ordu berean, San Anton Txikiren zozketa egingo da Espainia plazan, hiriko ikastetxeen artea. 1998an hasi zen egiten, beraz, aurtengoa hamabosgarrena da. Ikasgela bakoitzak zenbaki bat du, eta arduradunak zozketara bertaratu beharko du. Nalda gozotegiak egindako txerritxoek 50-60 kilo inguru dute, eta aurten irakasle eta ikasle itxura dute.

Datu historikoak

San Anton eguneko zozketa San Prudentzio egoitzarekin lotuta egon da hasiera-hasieratik. Izan ere, eraikin hartan umezurtz-etxe edo babes-etxea fundatu zen 1778an, umeak hartzeko, eta geroago, eskaleak eta txiroak. 1963an adinekoentzako egoitza bihurtu zen.

Hain zuzen ere, San Pedro parrokiako San Antonio Abadearen kofradia da zaharrenetako bat. Lehen zozketa 1781ean egin zen, babes-etxean.

Zozketarekin lotutako bitxikeriak:

  • Kofradia arduratzen zen lehen txerriak bedeinkatu eta zozketatzeaz erruki-etxea 1778an fundatu zen arte eta bertan egin zen 1847an udaletxera aldatu arte.
  • 1781eko urtarrilaren 17an izan lehenengo zozketa, babes-etxea mantentzen laguntzeko. Bertatik haurrak, alderraiak, txiroak... pasa ziren.
  • 1778ko abuztuaren 3an sortu zen babes-etxea Carlos III erregearen zedula abten bidez, eta Real Junta de Diputación a Pobres izenekoak zuzendu zuen.
  • Zozketa egiteko sistemak aldatzen joan dira. Hasieran loteria-ontzi bat erabiltzen zen. Gero, bolak zurezko bost kutxatan sartzen ziren, bertatik ateratzeko, eta sariak beste kutxa batean; orain ere metodo hori erabiltzen da. Garai batean loteria nazionalaren zozketaren zenbakiak erabili ziren.
  • Bolak ateratzeko kaobazko kutxak, bolak jartzen diren erakustokia, sarien kutxa eta satin granatezko poltsa lehengo berak dira.
  • Garai batean, babes-etxean zeuden umeek kantatzen zituzten zenbakiak eta sariak. Gaur egun egoitzan bizi eta ekitaldira bertaratzeko gai diren adinekoenek ateratzen dituzte bolatxoak.
  • Lehen saria beti izan da txerria, eta beste garai batzuetan lau txerri ere zozketatu izan dira.
  • 1888tik 1895era arte ez zen zozketarik egin. 1944, 1945 eta 1946an ere ez.
  • Gaur egun bilkuren aretoan egiten da zozketa, eta txokolatea Kinten aretoan zerbitzatzen da.

Lehen saria beti izan da txerria, baina gaur egun, legeak agindutakoari jarraituz, ez da zozketatzen, sinbolo gisa irauten badu ere. San Pedro elizako atarian bedeinkatzen da eta zozketaren lehen saria txerri-produktuen sorta bat da.

Urteen poderio jaiak protagonismoa galdu zuen, eta horregatik sortu zen San Anton Txikiren zozketa 1998an. Txokolatezko bi txerri zozketatzen dira hiriko ikastetxeetako Haur eta Lehen hezkuntzako gelen artean, egun hori umeen artean zabaltzeko asmoz. Udal Folklore Akademiak eta Txistulari Bandak ere hartzen dute parte.

Zozketa gaur egun

Udaleko Kultura Zerbitzua arduratzen da zozketa kudeatzeaz. Aurten guztira 30.000 txartel jarri dira salgai -0,60 euroan bakoitza- leku hauetan: gizarte etxeak, San Prudentzio egoitza, Euskadiko Kutxa, la Caixa, azoka plaza, La Unión taberna, La Peña Dulce gozotegia eta Degustación Abendaño. Urrezko Zeledonen plazan hilaren 10etik 17ra arte jarritako postuan ere eros daitezke.

17.15ean hasiko dira ekitaldiak, ordu horretan irtengo baita segizioa Espainia plazatik San Pedro parrokiara bezperetara joateko.

Segizioa plazara itzulitakoan egingo da udaletxeko zozketa, plazan egon ohi den jendetza girotzen den bitartean.

Hauexek dira aurtengo zozketako sariak:

  1. Ezkur txerri iberikoaren produktu sorta
  2. Bidaia Pragara (4 egunez, bi pertsonentzat)
  3. Costa Lisboa Mágica (7 egunez, bi pertsonarentzat)
  4. Egonaldia Cangas de Oníseko paradorean (3 egunez, bi pertsonarentzat)
  5. Kirol materiala erosteko bonoa
  6. Principal antzokirako denboraldi abonamendua, bi pertsonarentzat
  7. Liburuak erosteko bonoa
  8. Liburu irakurgailu elektronikoa

Programa osatzeko, bidezko merkataritzako txokolatea banatuko da eta puzgarriak zein gargantua ere izango dira; amaitzeko, bi zezensuzko aterako dira. Orobat nabarmendu behar da Udal Folklore Akademiaren eta txistu eta gaita-jotzaileen udal bandaren laguntza.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide