Lau gazte espetxeratu ditu epaileak, Isam Haddour oiondarraren hilketa leporatuta

Erredakzioa 2021ko api. 12a, 10:52
Logroñoko Ebro parkean aurkitu zuten oiondarra, larri zaurituta. / ALPHABET

Sei gazte atxilotu eta horietako lau espetxeratu dituzte Logroñon, ostegunean Oiongo bizilagun bati emandako jipoi batean parte hartzea leporatuta. Jasotako zauriek heriotza eragin zioten banatzaile lanetan zebilen oiondarrari. Bizikletaren lapurreta legoke hilketaren atzean.

Espainiako Poliziak 14 eta 25 urte arteko sei gazte atxilotu ditu asteburuan, ostegunean Isam Haddour 34 urteko oiondarrak jaso zuen jipoi batekin zerikusia dutelakoan.

Epailearen aurrean deklaratu ostean, atxilotutako sei gazteetako lau espetxeratu dituzte Oiongo gaztearen hilketa eta indarkeriazko lapurreta egotzita. Epaileak behin behineko espetxealdi komunikatua eta bermerik gabea agindu du beraientzat. Beste biek, taldeko adingabeek, arratsaldean deklaratu beharko dute Adingabeen Fiskaltzaren aurrean.

Konorte gabe eta larriki zauritua aurkitu zuten Haddour joan den ostegun gauean, Logroñoko Ebro parkean. Artean bizirik zegoela, anbulantziaz eraman zuten San Pedro ospitalera, baina ostiralean hil egin zen, jipoian eragindako zauri larrien ondorioz. 

Haddour janari banatzailea zen Logroñon, eta horretarako bizikleta erabiltzen zuen. Lehen zantzuen arabera, bizikleta bera eta gainean zeraman dirua lapurtzea izan zen erasotzaileen helburua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide