Samaniegon materia organikoa konpostatzen hasiko dira

Erredakzioa 2017ko ots. 26a, 06:00
Beste kuadrilletan bezala, Arabako Errioxan ere konpostatze lanei ekingo diote.

Egitasmoak bizilagunen erantzun ona izatekotan, Kuadrillak proiektua gainontzeko herrietan ere martxan jarriko du.

Datozen asteetan materia organikoa birziklatzen hasiko den Arabako Errioxako lehen herria izango da Samaniego. Ingurumena zaindu nahian, eta birziklatu daitekeen materia organikoa zabortegietara joatea saihesteko asmoz, konposta egiteko gune bat egokitzen ari dira Udalak duen lursail batean.    

Egitasmo honek herritarren erantzun ona jasotzen badu, Kuadrillako gainontzeko herrietara zabalduko dute. Izan ere, azkenaldian oso kezkaturik daude zaborraren eta birziklapenarekin, "eta gure lurraldea artatzeko konpostatzen hastea funtsezkoa dela konturatu gara", adierazi du Joseba Fernandezek, Arabako Errioxako Kuadrillako lehendakariak. "Azken hilabete hauetan buelta asko eman dizkiogu proiektuari, eta beste lekuetan nola egiten duten jakiteko, Gipuzkoa edota Bizkaiko hainbat herri bisitatu ditugu". 

Hala, proiektuaren jarraipena egitearen arduraduna ingurumen-teknikaria izango da. "Eta bizilagunen erantzuna ona izatea espero dugu, proiektu hau betiko martxan jarri ahal izateko". 

Herri "aproposena" 

Ekimena aurrera eramateko Samaniego aukeratu dute halako frogak egiten hasteko beharrezkoak diren ezaugarriak betetzen dituelako. "Herria Agenda 21 egitasmoaren barne dago, eta bizilagunek ongi birziklatzearen garrantziaz jabeturik daude. Gainera, herria txikia denez, ez da beharrezkoa izango inbertsio ekonomiko handirik egitea", azaldu du teknikariak.

Momentu honetan konpostatzeko gunea egokitzeko lanetan dabiltza, eta sei konpostagailu desberdin kokatzeko material guztia iristen denean egitasmoa abian jarriko dute. Hala ere, lehenengo sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute herritarren artean, guztiak zelan funtzionatuko duen jakin dezaten, eta baita proiektuan parte hartzera animatzeko. Gainera, sentsibilizazio kanpaina horren barruan, ezjakintasunagatik, konpostatzearen inguruan sor daitezkeen aurreiritzi negatiboak ere alde batera uzten saiatuko dira.

Konposta ongarrirako

Modu horretan, egitasmoan parte hartu nahi duten boluntarioak arduratuko dira haien etxeetan sortutako materia organiko guztia gunera eramateaz. Konpostaren mantentze lanak, ordea, bertako lorezaintza enpresa batek egingo ditu, eta lortutako konposta inguruko mahastietara botako dute, ongarri moduan. "Badago herri asko ateratako materiarekin zer egin ez dakiena. Zorionez, guk ez daukagu inolako arazorik, konposta hemengo nekazaritzarako zein lorezaintzarako erabili ahal dugulako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide