Lantziegok hartuko du hilaren 20an Euskal Kultur Asteburua

Mirian Biteri 2016ko mai. 13a, 07:00
Bastida ikastola

Urtero moduan, Arabako Errioxako Euskal Kultur Asteburua antolatu du Ttiki Ttaka euskaldunon elkarteak; aurten, Lantziegon izango da jaia, maiatzaren 20an eta 22an.  

Euskaraz eta euskararekin gozatzeko eskaintza zabala prestatu du elkarteak Lantziegoko ikastolarekin elkarlanean. Ostiralean eskualde osotik eta Vianako (Nafarroa) Erentxun ikastolatik iritsitako 600 ume baino gehiago batuko dira.

Harreraren ostean, adinaren arabera banatuko dituzte haurrak: bi urtetik 7ra bitartekoek tailerrak dituzte ikastolako jolastokian; eta hortik gorakoek, heziketa fisikoko irakasle Larraitz Untzetabarrenetxeak prestatutako orientazio probak egingo dituzte herri osotik. Batera bazkaldu ostean, txikienek DJ Porruren dantzaldiarekin gozatzen duten bitartean, nagusienek ginkana eta bestelako jokoak egingo dituzte.

Gazteentzako gunea
Iluntzean, gazteen txanda izango da: lehenengo pintxo-potea eta gauean kontzertuak izango dituzte herriko pilotalekuan.

Igandean jarraituko du jaiak. Goizean, besteak beste, herri kirolak eta Arabako Errioxako dantza taldeen erakustaldia izango dira festa giroan. Herri bazkaria ere antolatu dute; ikastetxeetan daude txartelak salgai. Disko festarekin emango diote amaiera asteburuari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide