Guardiako topaketan 150 gaita-jotzaile elkartuko dira

Mirian Biteri 2016ko mai. 6a, 07:00

Azken 42 urteotan bezala, Gaita Eguna egingo dute aste bukaera honetan Guardian. Euskal Herri osotik zein Frantzia eta Espainiako leku askotatik iritsitako 150 gaita-jotzaile elkartuko dira.

Larunbata arratsalderako egin dute lehen hitzordua, 20:00etan, musika bandekin batera egingo duten urteroko kalejirarekin. 21:30ak arte kaleetan barrena ibiliko dira gaita jotzen. Jarraian, nahi dutenerako ordubete izango dute; hain zuzen ere, denok batera afaltzeko ordua heltzen denera arte.

Urtero moduan, igandean goiz hasiko da gaita-jotzaileentzako. 09:15ean deitu dute topaketa plazan, eta ordu laurden beranduago,  diana egingo dute. Ibilbide erdian, geldiunea egingo dute sagardoarekin prestatutako txorizoa dastatzeko; Arabako Errioxako ardoaz lagunduta joango da mokadutxoa. 

Lopez de la Calle lehengusuak

Dianaren ondotik, XLII. Alardeari hasiera emango diote, 11:00etan, plazan. Musikari guztiak elkartuko dira bertan; eta egingo dituzten ekimen guztien artean, omenaldia dago. Aurten Juan Carlos Lopez de la Calle San Pedro eta Juan Carlos Lopez de la Calle Jimenez gaita-jotzaileak omenduko dituzte. Dagoeneko jotzen ez badute ere, Guardiako bi lehengusuen ibilbidea goraipatu nahi dute modu horretan antolatzaileek.  Eguna behar bezala amaitzeko, bazkaria izango dute partaide guztiek.

1975 urtetik urtero

1975. urtean egin zen lehenbiziko aldiz Gaita Eguna, Guardian. Bertako musikariak  omentzeko asmoz antolatu zuten lehendabizikoa. Orduz geroztik, urtero egin izan da, eta askotariko lagunak eta elkarteak izan dira omenduak. Gero eta ospe handiago duen eguna da, eta esan bezala, Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta Kataluniako gaita-jotzaileak elkartzen dira bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide