Genero indarkeriaren biktimei zuzendutako zerbitzua jarri dute Guardian eta Oionen

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 11a, 17:11

Hegoak foru zerbitzuaren bitatez, emakume psikologo batek, astean behin, zerbitzua eskainiko die eskatzen duten pertsonei.

Hegoak foru zerbitzua martxan jarri du Arabako Foru Aldundiak, genero indarkeriaren biktimei arreta psikosoziala eskaintzeko. Zerbitzua Guardian eta Oionen ematen hasiko dira eta emakume psikologo batek, astean behin, zerbitzua eskainiko die eskatzen duten pertsonei.

Indarkeria matxista gertatzen den egoerei aurre egiteko neurriak koordinatzeko sinatu dute lankidetza hitzarmen Arabako Foru Aldundiak  eta Arabako Errioxako Kuadrillak eta honi esker, genero bortizkeriaren biktimek gertuago izango dute arreta psikosoziala.

 Zehazki, Arabako Errioxako Kuadrillan emakumeen kontrako bortizkeria matxistaren gainean egindako diagnostikoari erantzuna ematera dator hitzarmen hau.  Joan den otsailean Arabako Foru Aldundiak aurkeztu zuen diagnostikoa eta bertan eskualde horretan tratu txarren biktima izan direnei ematen zaien laguntza eta arreta berehala hobetzea eskatzen zuten.

 2013tik 2014ra, Arabako Errioxan, guztira 33 emakumek jo zuten oinarrizko gizarte zerbitzuetara laguntza eske. Diagnostiko txosten horren lehenbiziko gomendioa izan zen berehala hobetzea arreta sistema. Zerbitzu hau isilpekoa eta doakoa da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik salaketa jartzea. Aldez aurreko hitzordua eskatu behar da, Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen telefonora deituz (945 151015.) edo udalerri bakoitzeko oinarrizko gizarte laguntzako langileari eskatuz. Hegoak Foru Zerbitzuak ere gizonezkoei eskaintzen die arreta, uste badute beren jokabidearekin emazteari, bikote kideari, bikote kide izandakoei edo seme-alabei kalte eragiten ari zaiela. Kasu horiek Gasteizera bideratzen dira, gizonentzako arreta unitate espezifikora, hain zuzen ere.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide