Oion, Lantziego eta Moredako olio errotak omenduko dituzte aurtengo olio festan

Mirian Biteri 2016ko mar. 18a, 08:00

Berrikuntzekin dator Arabako Errioxako oliba olioaren bosgarren jaia. Esanguratsuena, Oion eta Moreda herriei, Lantziego gehitu zaiela aurten. Horrekin lotuta, ekimenak asteburu bakar batean elkartu beharrean, oraingoan bi asteburutan egitea erabaki dute. Larunbatean, hilak 19, Oionek hartu ditu ekintzak; 26an, Lantziegok; eta 27an, Moredak.

Esan bezala, larunbatean Oionen izango dira ospakizunak. Goiz partean urteroko ekimenak egingo dituzte, hala nola, San Vicente Olio Errotak antolatutako koipeztutako ogi-xerren dastatzea, Bitartean Jolastea elkarteak egindako sukaldaritza tailerra, olio erroten ate irekiak, herriko tabernei zuzendutako pintxo txapelketa edo Onkata enpresak bertako oliba olioarekin prestatutako menua. Horretarako aurrez eman behar da izena, 679 23 13 68 zenbakian.

Dastatzea arratsaldean

Aurten, arratsaldean ere egongo da zereginik; tartean, Hector Erasok gidatuko duen olio dastatzea dago, Oiongo udaletxeko lur azpiko upategian. Interesatuek udaletxean bertan eman behar dute izena, 945 62 21 90 zenbakian.

Martxoaren 26an, larunbata, Lantziegok hartuko du lekukoa. Bertan, antzeztutako bisitak egingo dituzte eguerdi partean olio errotan. Kasu honetan ere aurretik apuntatu beharra dago 945 60 80 41 zenbakian.

Moredak emango dio hurrengo egunean amaiera jaialdiari. Besteak beste, oliba olio berriaren aurkezpena egingo da, eta Arabako Errioxako Olioaren Laguna izendatu: aurten, Oion, Lantziego eta Moredako trujalak omenduko dituzte.  

Zozketa solidarioa

Aurten ere ez da faltako Zure pisua oliotan izeneko zozketa solidarioa. Parte hartzeko 1.000 txartel jarriko dira salgai, euro baten truke; lortutako dirua Arabako Elikagaien Bankura bideratuko da.

Egitaraua, egunez egun:

Martxoaren 19an, Oionen:

  • 12:00 Koipeztutako ogi-xerren dastatzea.
  • 12:00 Arabako olioaz egindako sukaldaritza tailerra.
  • 13:00 Pintxo txapelketa.
  • 15:00 'Olio errota arrantxoa' menua.
  • 19:00 Musika.
  • 19:30 Oliba olio dastatzea
  • 21:45 Zezen-suzkoa.

Oharrean:
Goizean, Oiongo Almazaran olio errotan ate irekiak izango dira; eta Mikel Arrazolaren Arabako Errioxako olioari buruzko argazki erakusketa.


Martxoaren 26n, Lantziegon:

  • 13:00 Ekoma taldeak antzeztutako bisitak Lantziegoko olio errotara.
  • 19:00 Arabako Errioxako olioaz egindako pintxo-potea.

Martxoaren 27an, Moredan:

  • 12:00 Moredan, Urteko Olio berriaren aurkezpena eta Arabako Errioxako Olioaren Lagun saria ematea.
  • 12:30 Slow Food-en eskutik gustu laborategia.
  • 13:15 Judasen erretzea.
  • 14:15 'Zure pisua oliotan' zozketa solidarioa.

Oharra:
Goizean zehar produktuen azoka izango da, La Equidad olio errotara bisitak eta olioa dastatzeko aukera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide