Neguko igerilekua itxi eta askotariko erabilerako aretoa egingo dute Oionen

Mirian Biteri 2016ko ots. 18a, 10:21

Horixe da Oiongo udalbatzak hartu berri duen erabakia: hain justu ere, neguko igerilekuak ixtearena eta askotariko erabilera aretoa berrantolatzearena. Eduardo Terroba alkateak jakinarazi duenez Udalak ezin du bere gain hartu instalazioen kudeaketa, mantenu gastua eta igerilekuan egin beharreko konponketen kostua.

Eduardo Terroba alkatearen esanetan, udalerrian eskaerarik ez bazegoen, garai hartan oraindik egoera ekonomikoa ona zenez, esandako instalazioak eraikitzeko erabakia hartu zen. "Hasieratik altua izan da mantenu kostua. Eraikitzerakoan erabilitako materialengatik edo auskalo zergatik, arazoak eman ditu. Horiek konpontzeak dakarren gastuari mantenuarenak gehitu behar zaizkio. Aurreikuspenen arabera, urteko kudeaketa eta mantenu gastua 147.000 euro da", nabarmendu du alkateak.

Beste 90.000 euro

Bada, kopuru horri beste 90.000 euro inguru gehitu behar zaizkio orain igerilekuko ontziak duen arazoa konpontzeko. "Jaurlaritzako Osasun sailaren txostena ez da igerilekua zabalik mantentzearen aldekoa, eta aurtengo aurrekontuan ez dugu partidarik hori konpondu ahal izateko".

Aipatutako erabakia hartu aurretik, biztanle kopuruari dagokionez, Oionen antzeko ezaugarriak dituen Langraiz-Oka herria bisitatu zuten udal ordezkariek. Hango datuak oso bestelakoak dira: kirol instalazioen urteko mantenu eta kudeaketa gastua 110.000 eurokoa bada ere, 700 bazkide inguru dituzte horiek. "Oionen, herriko 161 lagun baino ez dira bazkide. Kostuak altuak direla ikusita eta Langraiz-Okako kasua ezagututa, uste dugu onena dela Oiongo instalazioak berrantolatzea", ondorioztatu du.

Berrantolaketa, irailerako

Terrobaren esanetan, gaur egun, herritarrek nahi dutena da askotariko kirol jarduerak praktikatu ahal izatea, eta horretarako, askotariko erabilerako aretoak behar dira. Eta, esan bezala, horixe da egingo dena. "Neguko igerilekua ixtean, 600 metro karratu geratuko dira libre. Leku horretan areto bakar bat edo tokia hainbat gelatan banatzea pentsatu behar dugu". Oraingoz ez dute igerilekua ixteko datarik finkatu.Udal arkitektoak lanean dihardu herriko kirol instalazio guztien berrantolaketa proiektuarekin. Dena dela, alkateak iragarri du ez dutela auzia gehiegi luzatu nahi: "Irailerako, ikasturte berrirako, nahi dugu berrantolaketa eginda izatea, eta areto berriak erabili ahal izatea". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide