Arabako erakundeek Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egingo dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 14:02
Foru Aldundiaren eta Arabako udalerrien zein kuadrillen ordezkariak ekitaldian. / AFA

Arabako espektro instituzional osoaren ordezkariek Euskaraldira atxikitzeko agiri bat irakurri dute, eta euskararen aldeko ekimen sozialaren bigarren edizioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente Gorka Urtaranek eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak, Foru Aldundiaren eta Arabako udalerrien zein kuadrillen ordezkari gisa, euskararen aldeko ekimenari atxikitzeko ekitaldian parte hartu dute astelehen honetan, "euskarazko hizkuntza ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatzeko".

Hiru ordezkariek atxikimendu agiri bat irakurri dute Arabako erakunde guztien izenean. Gorka Urtaranek, Arabako udalerri guztien ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizartean euskara eta gaztelania "elkarrekin bizi" direla, eta euskaraz egitea "ariketa bereziki soziala" dela: "Ez da norbanakoak bere kabuz hartzen duen erabakia soilik".

Hiriburuko alkateak dei egin die arabarrei ahobizi -lehen hitza beti euskaraz- edo belarriprest -euskaraz entzuteko prest, jakin ala ez- rolak euren gain hartzeko. Aurten, gainera, ariguneak jarriko dira abian -euskaraz aritzeko espazioak entitateetan-, ekimenak iraungo dituen hamabost egunetan.

Gazte arabar gehienak elebidunak

"Edizio honetan arabarrek aukera berri bat izango dute Lurralde Historikoan ere euskarazko komunikazioa posible dela frogatzeko", adierazi dute. Izan ere, Arabako ulermenaren mapako datuen arabera, biztanleriaren %48,2 gai da euskara ulertzeko, eta 0-14 urte bitartekoen artean, berriz, gazte arabar gehienak elebidunak dira (%86).

0-14 urte bitarteko gazte arabar gehienak elebidunak dira (%86)

Ildo horretan, Aiarako Kuadrillako presidente Encina Castresanak, gainerako kuadrillen ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizarteak euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzen duela: "Euskararen erabileran aurrera egiteko oinarri sendoak ezarriz, norbanakoak irabazten du, taldeak irabazten du, eta, azkenean, gizarte osoak irabazten du".

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azken hitza hartu du ekitaldian. / AFA

 

Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa

Azkenik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak itxi du ekitaldia, Euskaraldiak Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoarekin (2019-2022) bat egiten duela gogorarazteko.

"Hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzeko, edo lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzeko helburuarekin, funtsezkoa da lankidetza", adierazi du Gonzalezek. Azaldu duenez, Aldundia prest dago "urrats sendoak" ematen jarraitzeko: "Arabako Foru Aldundiaren lidergoaren babesean, euskara-zerbitzuekin, euskalgintzarekin eta gainerako gizarte eragileekin lankidetzan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide