Erasoen inguruko kezka zabaldu da abeltzainen artean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko aza. 10a, 06:01
Izarrako abere azokan otsoen eta txakurren erasoak salatu zituzten abeltzainek. JUANMA GALLEGO

Otsoen erasoak Arabako mendebaldetik ekialdera zabaldu direla jaso du PPk Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu duen agerraldi eskaera batean; abeltzainek ere ezinegona agertu dute, Urkabustaizen.

Otsoa Arabako mendebaldetik ekialdera zabaltzen ari da, eta erasoen igoera "adierazgarria" eman da. Hori da, bederen, PPk azken asteotan hainbat udaletan eta Arabako Batzar Nagusietan aurkeztu dituen ekimenetan jaso duen datua. Hori dela eta, Nekazaritza Diputatuaren agerraldia eskatu dute, Batzar Nagusietan, bertan argitu dezan zer ekinbide hartuko dituen Diputazioak aipaturiko erasoen inguruan.

Otsoen eta txakurren erasoen inguruko ezinegona agerian utzi dute, baita ere, herrialdeko abeltzainek eta Urkabustaizko Udalak, urriaren 27an Izarran ospatu zen Abere Azokan. Bertan, abeltzainen hainbat postuetan kartelak ikusi zitezkeen, otsoaren eta txakurren erasoek ganaduzaleen bizimoduan duten eragina salatzen.

Opakuara zabaldu da

UAGA sindikatutik ALEAri adierazi diotenez, otsoaren eta txakurren erasoak ez dira inoiz eten, eta berretsi dute azken hilabeteetan Arabako mendebaldetik Opakua aldera zabaldu direla erasoak. Dena den, jakinarazi dutenez, aspaldi erabaki zuten moduan, UAGAko abeltzainek ez dute erasoen berri ematen, hain zuzen gizartearen aldetik eta administrazioaren aldetik ez dutelako izan espero zuten babesa, eta "onerako baino txarrerako" izaten delako, euren ustetan, erasoen berri ematea. Alta, ez dute baztertu gaiaren inguruan hitz egitea aurrerago, Batzar Nagusietan eztabaida zabalduz gero.

Eusko Jaurlaritzak otsoa mehatxatutako espezieen katalogoan "interes bereziko" espezie gisa onartu eta gero, egiteko daude oraindik animaliaren errolda eta Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketa plana.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide