Hizkuntzari lotutako bederatzi salaketa jaso dituzte Arabako udalerriek

Erredakzioa 2019ko uzt. 29a, 09:49
Harremanetan ez ezik, hizkuntza-paisaian dauden urraketak jaso dituzte. Irudian, Arabako garbigunea baten errotulazioa. / J.G.

Elebidek egindako azken memoriaren arabera, iaz Gasteizko Udalak 5 salaketa jaso zituen Jaurlaritzaren zerbitzuaren bitartez. Guardiako Udalak, berriz, 2 salaketa; salaketa bana aurkeztu ziren Artziniegan eta Iruña Okan.

Arabako udaletan izandako hizkuntza-eskubideen bederatzi urraketa jaso ditu Elebidek 2018. urteari buruz aurkeztu berri duen txostenean: bost salaketa Gasteizen, bi Guardian, eta bana Artziniegan eta Iruña Okan. 2017an, berriz, salaketa bakarra jaso zen Arabako toki-administrazioei zegokienez, Gasteizko Udalari zegokiona, hain zuzen. Aldundiari dagokionez, 2018an salaketa bakarra jaso dute. Zehazki, Araba Garapen Agentziak jaso du salaketa hori. 2017an, berriz, lau izan ziren.

Orotara, Euskal Autonomia Erkidegoan 245 intzidentzia jaso dituzte, aurreko urtean baino 101 gutxiago. Erkidego mailako datuei erreparatuz, %83 (153 kexa) esparru publikoan gertatutako urraketak izan ziren, eta %17 (33 kexa), esparru pribatuari lotutakoak. Horietan, ia guzti-guztiak euskaraz aritzeko ezintasunari lotuta doaz, bitan izan ezik: horietan "gaztelania erabiltzeko eskubide-urraketa" salatu dute.

Kexa motari dagokionez, Elebidek lau multzotan sailkatzen ditu: idatzizko harremanak (70 kexa), ahozkoak (45), hizkuntza-paisaia edo errotulazioa (19), eta internet (36). 2018an jasotako 232 intzidentzietatik 219 "itxitzat" eman ditu, "erakunde urratzaileak bidalitako informazioa" birbidali diotelako salaketa jarri duen lagunari edo erakundeari. Ondoren, jasotako erantzunarekin salatzailea ados egon ezean, "irtenbiderik gabeko" modura sailkatzen dute salaketa. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide