Jon Basaguren eta Maider Zabalegiren kontzertuak, asteari agur esateko

Erredakzioa 2019ko eka. 7a, 12:45
'Begiradak' ikuskizuna izango da gaur bertan, KaldeArte jaialdian.

Euskara nagusi izango da ere asteburuan, Zuia Euskaraz ekimena eta Arratzua-Ubarrundiako Euskaraz Bizi Eguna direla eta. Gasteizen, Txagorritxuk hartuko du auzoko jaien lekukoa.

Proposamen ugarirekin dator asteburua berriz ere. Gaurtik igandera bitartean, ikuskizunek, bertso saioek edota kontzertuek beteko dituzte Araba osoko txokoak.

Gasteizen, Errekaleor eta Arana auzoetako jaiak atzean utzita, Txagorritxukoen txanda da orain. Astelehenetik dabiltza kalean gora eta behera askotariko ekintzekin, baina gaur bertan emango diete hasiera jaiei Txagorriren jaitsierarekin, txosnagunean, 17:00etan. Kontzertuei dagokienez, ostirala eta larunbata bitartean, besteak beste, Ezten Giro, Paradixo eta Eztanda taldeek eskainiko dute kontzertua, 22:00etatik aurrera.

Euskara, nola ez, protagonista izango da aste-bukaeran. Zuia Euskaraz ekimenak hitzordu mordoa antolatu ditu ekainerako. Gaur bertan, esaterako, ardorik onenak euskaraz ezagutzeko aukera eskainiko dute ardo dastaketa baten bidez, 21:00etan udaletxe plazan. Bestalde, Arratzua-Ubarrundiako Euskaraz Bizi Eguna izango da Zurbaon. Tartean, bertso bazkaria eta haurrentzako jolasak antolatu dituzte arratsalderako; gauean, berriz, Trikizio, Beasaingo Azken Sustraiak eta Iruñeko Irauten taldeak izango dira girotzeko arduradunak.

Ikuskizunez gozatzeko parada ere izango du kalera ateratzen den edonor. KaldeArte jaialdiari dagokionez, beste ekintza askoren artean, Begiradak ikuskizuna eskainiko du gaur Gasteizko Arka plazan, 20:00etan, eta Balcony Sessions emanaldiak Jon Basaguren (gaur, 21:00etan) eta Maider Zabalegi (larunbata, 21:00etan) abeslariak ikusteko aukera eskainiko du.

Horrez gain, Gure Zirkua, Altxa kopla hori! eta bestelako hitzorduak ere badira egun hauetan. Sartu Euskararen Agenda atalean, eta asteburu on!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide