Alavesek pozaren pozez jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2019ko urt. 6a, 08:51
Erantzun ezin hobea eman dute Alaveseko zaleek. / LA LIGA

Valentziari 2-1 irabazi ondoren Txapeldunen Ligako postuetan sartu da.

Ilusioa, konpromisoa, borroka eta konfiantza izugarria. Horiek baitira Abelardok zuzentzen duen taldearen ezaugarriak. Denboraldi honetan historia egiten ari da; izan ere, lehen itzulirik onena egin duelako. Horretaz gainera, etxean galdu gabe hamargarren lehia kateatzea lortu baitu. Beraz, esan genezake denboraldi borobila egiten ari direla, ezbairik gabe.

Talde honek, edozein gauza gertatzen delarik, beti garaipena lortuko duela sinesten du. Valentziaren aurka jokaturiko partidan horren erakusgarri izan da. Lehia hasi bezain pronto, 14. minutuan, Parejo erdilariak falta bikaina jaurtiz huts eta batekoa jarri du markagailuan. Maldan gora jarri zaio norgehiagoka. Halere, ez dira kikildu eta golaren bila joan dira. Handik gutxira, 21. minutuan, Borja Bastonek banako berdinketa jarri du. Aurrelari honek jokatzeko aukera izaten duenean beti golak egiten ditu.

Golak taldea eta zaleak piztu ditu eta bat eginda garaipenaren bila joan dira. 35. minutuan Ibaik gol aukera garbia izan du. Valentziak ere, Rodrigo aurrelariaren bitartez, aukera paregabea izan du baina huts egin du. Lehen zatiko luzapeneko minutuetan etorri da Pinak egindako gola. Aldaratze askoko jokaldia baliatu du 2-1ekoa jartzeko. Golaren ondoren, epaileak lehen zatiko amaiera adierazi du. Minutu hauetan argi eta garbi ikusi da Alaves olatuaren aparrean dagoela.

Bigarren zatian, Alavesek pitin bat atzeratu ditu lerroak eta Valentziak jokoaren ekimena eraman du. Halere, talde arabarrak izan du aukerarik garbiena, baina Laguardiak egindako bi erremateek ez dute sarea aurkitu. Kanpokoek behin eta berriz erasora egin dute, baina behin eta berriz talka egin dute Alavesen atzeko lerroaren aurka. Bigarren zati osoan, Abelardok maisuki zuzentzen duen taldeak sendotasun ikaragarria erakutsi du. Izan ere, Valentzia ez da gauza izan gol aukerarik sortu ahal izateko.

Taldeak nortasun sendoa du. Konfiantza izugarria puntuak pilatzen ari delako. Ofizioa oso gol gutxi egin diotelako. Langa goi-goian jarrita dago. Beraz, bada garaia ametsari jarraipena emateko. Hurrengoan partida, datorren larunbatean, 18:30ean, Gironaren aurka. Ezin ahaztu futbol zelai horretan Abelardok taldeak hartu zuela eta handik hona dena poztasuna izan dela.


Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Martin; Ibai Gomez (85’. Sobrino), Pina, Manu Garcia, Jony (93’. Guidetti); Borja Baston (72’. Brasanac) eta Calleri.

Txartel horiak: 25’. Ximo Navarro, 82’. Pacheco

Valentzia: Neto; Paulista, Garay, Diakhaby, Lato (69’. Batshuayi); Piccini, Wass (62’. Ferran), Parejo, Cheryshev; Rodrigo eta Mina

Txartel horiak: 22’. Wass, 46’. Diakhaby, 80’. Ferrán

Golak:

0-1: 14’: Parejo

1-1: 21’: Borja Baston

2-1: 47’: Pina

 

Mendizorrotzako harmailak:

Alaveseko zaleek erantzun ezin hobea eman dute eta Mendizorrotzako harmailak ia-ia bete dira. Izan ere, 18.304 ikusle bildu dira Alaves eta Valentziaren arteko norgehiagoka ikusteko. Beti bezala, giroa izugarria izan da. Jokalariak berdegunera atera baino lehen kiroldegiko zaleek kantuan hasi dira eta partida bukatu arte ez dira isildu. Jokalariek bukaeran eskertu dute emandako bultzada paregabea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide