"Hamaika egunez eusten badiogu, aldea nabarituko dugu"

Anakoz Amenabar 2018ko aza. 2a, 17:20
Leire Sanjurjo. / A. Martinez de Luna

Batzordez batzorde, Arabako txoko guztiak aktibatzeko asmoz heldu da Euskaraldia; errealitate ugari dauden arren, guztietan jakin izan dute bertakoetara egokitzen Leire Sanjurjo Arabako koordinatzaileak azaldu moduan.

Hamaika egunez eustea "gakoa" izango da hizkuntza-ohituretan eragiteko, Leire Sanjurjo (Laudio, 1993) Arabako Euskaraldiko koordinatzailearen ustez. "Errealistak izan behar gara, egun horietako mailarekin ez dugu jarraituko hamabigarrenean, baina nabarituko da aldea, eta pausotxo bat eman dugula ikusiko dugu". 

Aurreikuspenak betetzen ari dira izen-ematean? Zer sentsazio duzu?

Kuadrilla guztietan eman dute izena herritarrek, eta horrek esan nahi du informazioa heltzen ari dela Araba osora eta batzordeak lan ona egiten ari direla, duda barik. Nabaritzen da hurbiltzen ari dela Euskaraldia; pilak jartzen ari gara batzordeetan, herritarrek hurbilago ikusi eta sentitzen hasi direlako.

Zalantza asko daude oraindik?

Bai, badaude. Baina normala da. Hau ez da ariketa erraza, ez da kontzertu batera gonbidatzea moduan. Pentsatu behar da, hausnartu behar da, erabakiak hartu behar dira, eta, beraz, normala da. Galderak egin behar dira, eta erantzuna badaukate. 

Zergatik da berezia Euskaraldia orain arte egindako ariketen aldean?

Orain arte egindakoak gehien bat euskararen ezagutza hedatzera bideratu dira, eta Euskaraldia dator erabilera hedatzera eta ohiturak aldatzera. Horretan orain arte ez gara sartu. Beste alde batetik, helduentzako ariketa bat izateak euskara gure zelaian jartzen du, eta hori ere ezberdina da. Pasako gara, lehenengo aldiz, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera.  

Beharbada zalantza nagusia 'ahobizi' eta 'belarriprest'-ek sortzen dute, Euskaraldiko bi protagonista nagusiek. Zein da desberdintasuna? Nola aukeratu bat ala bestea?

Bata edo bestea aukeratzeko garaian, argi utzi behar dena da ez dela gaitasun kontua. Ni Euskaltzaindiako buru izan naiteke eta belarriprest, edo euskaltegian pasa den urtean hasi eta ahobizi izan naiteke. Ez da gaitasunaren arabera hartu beharreko erabaki bat, baizik eta nik egingo dudan ariketaren araberakoa. Ahobiziak txapa daramaten lagun guzti-guztiei euskaraz egingo die, eta hamaika egunetan zehar txapa ez daramaten guztiei ere lehenengo edo bigarren hitza euskaraz egingo die. 

Ez dirudi erraza denik...

Zaila da, bai. Horregatik eskatzen dugu ondo egitea hausnarketa; ondo pentsatu zer izango garen, prestakuntza tailerretara joan, horretarako daude eta, erabakia hartzen laguntzeko. Batzuetan pentsatzen dugu ikastaro hauek daudela izena eman osterako; ez, erabakia hartzen laguntzeko ere badaude. Ondo pentsatu, ondo hausnartu. Nire bikotearekin edo nire lagun kuadrillarekin agian ez naiz izango gai betetzeko; nahiz eta nik euskaraz oso ondo dakidan zaila izango da hamaika egunetan egitea, bueno, orduan belarriprest moduan emango dut izena. Eta erabaki horrekin esaten duzuna da: niri euskaraz hitz egin, ulertzen dudalako, eta nik euskaraz edo erdaraz erantzungo dizuet. Belarriprest izanda nik %99an euskaraz egin dezaket, edo erabat akaso, baina badaukat aukera ezeroso sentitzen naizenean edo edozein arrazoirengatik, eta denak dira zilegi, gaztelaniaz egin nahi dudanean egiteko, badaukat aukera hori. Ahobizi moduan ematen badugu izena eta ez badugu betetzen aukeratutakoa ariketa desbirtuatzen ari gara, belarriprestari edo beste ahobiziei ez diegulako uzten euren rola betetzen. Garrantzitsua da bakoitzak ondo egitea hausnarketa, eta beldur barik esatea: nik ariketa hau edo bestea egingo dut.

Orain arte zeintzuk dira ugariago?

Araban, orain arte, ahobizi gehiagok eman dute izena. Baina aurreko urteetan beste herri batzuetan egin dira antzeko ekimenak, eta ikusi da belarriprestei gehiago kostatzen zaiela animatzea, baina helduko dira. 2016an hamabi herritan egin zen eta 2017an 40 herritan; aurten 400 herritara heldu gara.

Ezagutzen ez genuen errealitate bat, solaskide berriak ezagutzeko aukera emango du honek?

Bai, noski. Txapa gainean eramateak, batzutan lotsa ematen badigu ere, ikusgarritasuna ematen digu. Ezagutzen ez genituenak ezagutu baino, nire ustez, hainbat pertsona ezagun euskaldunak direla jakingo dugula honen bidez. Eta, ondorioz, euskara-harreman berriak ezagutzeko aukera. 

Arabari erreparatuta, alderik dago batetik bestera?

Araban alde handia dago. Ekimena aurretik ezagutzen zuten kuadrilletan errazago egiten zaie, identifikatuta dituztelako zailtasunak euren errealitateetan. Geografiak ere asko egiten du; adibidez, AÒana edo TrebiÒun distantzia geografikoa oso handia da herri batzuen eta besteen artean, eta jende askok ere ez du eskualdean bertan bizitza egiten; egia da errealitatea horietan desberdina dela, zailagoa dela. Errealitate anitzak ditugu Araban; baina garrantzitsua da argi edukitzea herritarrak ari direla hau mugitzen, eta batzordea bertako herritarrek osatzen dutela, ezagutzen dutela bertako errealitatea eta haien prestakuntza eta plangintza ari direla egokitzen haien errealitateari. Arabako Errioxan, esaterako, 15 batzorde sortu dira; batzuk besteak baino handiagoak badira ere, denak doaz aurrera, eta elkarri laguntzeko koordinazio batzordea sortu dute informazioa partekatu eta Euskaraldiaren ingurukoak elkarrekin erabakitzeko; edozein jai eta aukera aprobetxatzen dute izenak jasotzeko.   

Gasteizen nolako erantzuna ari da izaten?

Erantzun handia. Dinamizatzaile asko daude, batzordeak sortu dituzte auzoetan, eta gero koordinazio batzorde baten bidez egiten dute lan.  Ikusi dute handiak garela, makina handia dela mugitu behar dutena eta ondo planifikatu dute; adibidez, izen-ematea gizarte etxe guztietan ireki dute, eta horrek aukera ematen die gasteiztar guztiei.

Hamaika eguneko ariketaren ostean, zein izango da hurrengo pausoa?

Saiatu beharko gara hamabigarrenean ere mantentzen modu pertsonalean; asmoa da ohiturak aldatzea, eta hamaika egunetan benetan eusten badiogu ariketari, nabarituko dugu hamabigarrenean aldaketa dagoela. Ahobizi eta belarriprestak hartu dituzten herrietan ikusi dute aldea badagoela. Errealistak izan behar gara, hamaika egunetako maila ez dugu mantenduko baina badago aldea, eta nabaritzen da; eta horrekin pausotxo bat gehiago edukiko dugu emanda, nahiz eta asko ditugun bidean; ez dugu Euskal Herria euskaldunduko, zoritxarrez, egun batetik bestera, baina pausotxoa nabarituko da, eta berehala 2019ko ekimena helduko da, datorren urteko udazkenari begira.

Oraindik izena eman ez dutenei, zein mezu bidaliko zenieke?

Argi ez badute ere, lasai, gerturatu daitezela euren herriko batzordeetara; haiek lagunduko diete, eta horretarako daude lanean. Informazio asko geratzen da oraindik heltzeko, baina hurbildu, galdetu eta gogoratu ez dela bakarrik egin behar den lan bat; Euskal Herri osoa ibiliko da honetan, babes soziala izango dugu, asko izango gara, eta txapak edonora doazela ikusiko dugu. Beraz, animatu!  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide