Maite Maiorak irabazi zuen Hiru Handiak mendiko lasterketa; bigarren eta hirugarren postuan sartu ziren, hurrenez hurren, Oihana Azkorbebeitia eta Mayi Mujika. Gizonezkoetan, Javi Dominguezek 11 ordu eta 14 minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko. Haren atzetik Julen Martinez de Estibariz sartu zen, eta hirugarrena Jokin Garai, orain dela bi urteko irabazlea. Aipamen berezia merezi du Goar Lopetegik, laugarren sailkatuak. Oso fresko igaro zelako Aizkorri gailurretik.
Gorbeia, Anboto eta Aizkorri, hiru gailur eta 101,6 kilometro, Murgian hasi eta Araian bukatu. Hau da hau mendi lasterketa! Irteera ostiralean gaueko hamabietan izan zen Murgiatik. Ikusgarria izan zen, eta zale asko bildu ziren korrikalariei animoak emateko. Gauez milaka argiak ikustea, bene-benetan zoragarria baita. Gorbeia 11. kilometroan zegoen, eta oraindik orain korrikalariek ez zeukaten sufrimenduen zantzurik. Arrisku handiko jaitsiera izan zen, lurra oso bustia zegoelako.
Anboto 40. kilometroan zegoen, eta gauez ailegatu ziren. Buruko argiek zuzentzen zituzten korrikalarien urratsak. Egunak argitu zuenean behe-lainoa izan zen nagusi. Aizkorri goizeko bederatziak aldera oso garbia zegoen baina sailkapeneko lehenak igaro zirenean erabat lainotuta zegoen. Gailur esanguratsu honetan bai emakumezko nola gizonezkoen sailkapenak argi zeuden.
Bukaera Araia herrian izan zen, eta korrikalariak txalo artean sartu ziren helmugan. Parte hartu zuten korrikalari guztiek meritu izugarria dute, ezbairik gabe. Haiek bezalaxe, musu truk aritutako guztiek txalo zaparrada merezi dute. Eskerrik asko, mila esker, zuek bai zaretelako handiak!!!