Arabako Domina jasoko dute Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak

Erredakzioa 2018ko ots. 13a, 12:15

Ehun urtetan Araba eta Euskal Herriko hizkuntza, gizarte eta kultur ondarea sustatzen egin duten ibilbidea sarituko du Aldundiak.

Arabako Foru Aldundiak 2018ko Arabako Domina emango die Euskaltzaindiari eta Eusko Ikaskuntzari, bi erakunde horien mendeurrenean. Diputazioak ematen duen saririk handiena jasoko dute, Arabako eta Euskal Herriko hizkuntza, gizarte eta kultur ondarearen sustatzaile eta eragile moduan egindako lanagatik.

Gaur, orain ehun urte Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra egin zen Oñatin, bi erakundeen abiapuntua izan zen, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundien babesarekin. Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek gogoratu duenez, han izan zen Dionisio Aldama, orduan Arabako Foru Aldundiko presidentea, aita Raimundo Olabide Euskaltzaindiko kide oso eta Angel Apraiz, Salamancako Unibertsitateko katedratikoa, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusi izendatu zituztenean.

1918tik, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak hainbat proiektu garrantzitsu sustatu dituzte, esate baterako,  euskara batzeko prozesua abian jarri zuen Euskaltzaindiak. 

"Erakunde biak funtsezkoak izan dira Euskal Herriarentzat, oro har, baita Arabako Lurralde Historikoarentzat ere"  adierazi du Gonzalezek. "Hori dela eta, Aldundiak ezagutza eta esker ona agertu nahi dizkie Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide