alea.eus

Mikel Guridi: "Ebolaren izurritea da gehien ukitu nauen esperientzia"

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-09-23 12:57   Gizartea  Araba

Mugarik Gabeko Medikuen elkartean logistikako arduradun gisa ibili da Mikel Guridi, Korres herriko bizilaguna. Lanak kostu pertsonal handia du, baina Guridirentzat "pribilegio" bat da.

 

Mikel Guridi: "Ebolaren izurritea da gehien ukitu nauen esperientzia"
Mikel Guridi, Mugarik Gabeko Medikuan logistika arduradun gisa aritzen da. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mundu osoan 40 gerra daude eta 60 milioitik gora lagunek euren etxeetatik ihes egin behar izan dute. Gerra horien guztien heren bat Afrikan gertatzen ari da; tokiko baliabide naturalak ustiatzeko borrokak dira, eta munduko potentzia handienak daude atzean: Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Europa… Halaber, gatazka hauek direla medio, 20 milioi lagunek ezin dute elikagairik lortu, eta arrisku larrian daude. Gosetea bortizki kolpatzen ari da Nigeria, Hego Sudan, Somalia eta Yemen. Giza larrialdien testuinguru horretan lan egiten dute, Mikel Guridik bezala, milaka lagunek. 

Zer nolako lanak egin dituzu Mugarik Gabeko Medikuekin?

Logista esaten diote; medikuak herrialdean kokatzeko eta toki batetik bestera mugitzeko beharrezkoa den guztia lotzea da gure ardura: garraioa, ura, argia, komunikazioak, segurtasuna, eraikuntza, saneamendua. Dena.

Non garatu zenuen lehen proiektua?

Zimbawen, 2008. urtean; sei hilabete egon nintzen bertan. Lehen hiru hilabeteetan hiesaren kontrako programa batean; horretan nengoenean kolera izurrite izugarria zabaldu zen, eta larrialdi horretan ere lanean izan nintzen. 

Nola bizi izan zenuen lehen esperientzia hori? 

Lehen aldiz flipatu egiten duzu. Badakizu nora zoazen, irakurri duzu, informatu zara, baina shock bat da. Egoerara moldatzeko gogoak baldin badituzu moldatuko zara, baina badira ere hiru aste igaro ondoren alde egiten dutenak. Zimbawen herri txiki batean nengoen, ez zegoen ezer, ez telefonorik, ez internetik; hiriburuarekin hitz egiteko irratiarekin moldatzen ginen. Arazoak sortu ahala ikasten duzu; zailena da dituzun gauza guztiak koordinatzea, lehentasunak jartzea.

Zaila da moldatzea?

Hasieran ez da erraza, baina inoiz ez zaude bakarrik, beti zaude babestuta. Logistikan aritzen garenok gaixotasun bat dagoela esaten ohi dugu: bururik gabeko oiloaren gaitza. Logista bat ikusten baldin baduzu batera eta bestera korrika, hasiberria da. Sute guztiak itzali nahi dituzu, eta ez zara konturatzen ikuspegi globala behar dela, ezin dituzula arazo guztiak bat-batean konpondu. Esperientziak horretan ere laguntzen du.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Tokiko baliabideekin jokatu behar duzu. Bermatu behar duzu bertatik alde egiten duzunean, proiektua, ospitalea, etxea, mantendu ahal izatea. Dauden medioak erabili behar dituzu, ahalik eta baliabide txikienekin jokatzen ikasi behar da. Batzuetan jendeak oso gauza handiak egin nahi ditu, baina gero ezin dira mantendu. Zure burua zeharo aldatu behar da. 

Negoziatu behar da herri horietan lan egin ahal izateko?

Ni negoziazioetan ez naiz ibili. Noiz edo noiz tokatu zait, baina ni ez nago horretan. 

Hirutan egon zara Hego Sudanen; nolakoa da bertako egoera? 

Jendea oso gogorra da, oso-oso gogorra. Azken hogei urteetan gerran egon da Hego Sudan. Petrolioa dute, Nilo ibaia Hego Sudango elementu ekonomiko inportantea da, baina herria birrinduta dago. Juban, hiriburuan, egon nintzen lehen aldiz logistika lanak egiten, eta hurrengoan Malakaleko errefuxiatuen kanpamentuan, lehen mailako ospitale bat prestatzen. Nazio Batuen kanpamentua da, bertan 40.000 errefuxiatu daude, baldintza penagarrietan. Euri sasoia zen eta ez zegoen inolako zerbitzurik, urik ez, janaririk ez… kolera izurritea zabaltzeko arriskua zegoen.

Batik bat Afrikan izan zara, baina baita Europan eta Amerikan ere; zer proiektu garatzen lagundu duzu toki desberdinetan?

Kenia eta Somalia arteko mugan dagoen Dadaabeko errefuxiatuen kanpalekuan ospitale bat prestatu genuen; Somaliako, Eritreako eta Etiopiako pertsonak daude, hiru belaunaldi batera: aitona, aita eta semea. Asko eta asko paperik gabe bizi dira bertan, eta horrenbestez, ezin dute inora joan, ezin dute lan egin, ezin dute kanpamendutik atera… 30.000 pertsona jasotzeko ahalmena du Dadaabek, baina azkeneko kopuruen arabera, ehun mila errefuxiatu baino gehiago bizi dira. Laguntza asko jasotzen dute, eta jendea saiatzen da gauzak egiten, baina ez da erraza. Sirian, Alepon, gerraren erdian, saiatu ginen ospitale bat eraberritzen eta nahiko ondo atera zen, baina istilu asko korapilatzen dira Sirian, eta lan egitea oso zaila da. Mexikon, hegoaldetik iparraldera, La Bestia trenetan doazen emigranteak laguntzeko azpiegitura antolatu genuen. Gogorra da emigranteen egoera: emakumeek, adibidez, badakite bortxatuko dituztela; gizonek, berriz, badakite drogarekin sartu beharko direla Ameriketako Estatu Batuetara; ez badute egin nahi familia deitzen dute eta hiltzeko mehatxua egiten diete. Istorio oso-oso tristeak daude. 

Orohar, nolakoa da jarrera herri horietara iristen zaretenean?

Denetarik dago. Ni beti ondo hartu naute. Ezagutzen dute non eta nola lan egiten duzun, eta jarrera ona dute, baina gauza txarrak eta onak daude.

Zeintzuk dira zailtasunik handienak?

Gogorrena da taldean gauzak ondo bideratzea eta antolatzea. Guretzat, pertsonarik inportanteena sukaldaria da. Agian tontakeria irudituko zaizu baina ez da. Jendeak normalean lan asko egiten du, hamabi edo hamalau ordu jarraian, eta ez badu ondo jaten haserretu egiten da, lanean txarto dago eta arazoak askoz errazago sortzen dira. Jendeak ondo jaten badu liskar gutxiago dago. Taldeetan normalean sei edo zazpi lagun gara, baina Malakalen, adibidez, 40 pertsona geunden, eta bizi baldintzak oso zailak ziren. Noizean behin ere tokatzen da etxean atera gabe egotea denbora luzez, segurtasunagatik, eta ez da erraza. Momentu txarrak daude.

Emozionalki nola aurre egiten diozu herri horietan bizi izan dituzun egoerei? 

Bakoitzak modu bat du hori eramateko. Han zaudenean zure adrenalina oso maila altuan dago, eta ezin duzu behera jo. Medikuak, esate baterako, izugarriak dira. Batzuetan joan behar izan gara mediku batengana, lepotik hartu, kanpora atera  eta lo pixka bat egiteko eskatu; hogei ordu baino gehiago egon daitezke lanean, gelditu gabe. Guretzat desberdina da, medikuak ohituta daude heriotzari aurrez aurre begiratzera; gu ez gaude ohituta, gu logistak gara, baina batzuetan tokatzen da gorpuekin ibiltzea…

Latza da.

Nik ondo eramaten dut. Etxera itzultzen naizenean nire tarteak behar ditut berriz pertsona izateko, errekuperatzeko, baina han zaudenean gauzek aurrera egin behar dute. Txarrena da ohitura hartzen duzula, sentsibilitatea galtzen duzula, eta ikuspegi orokorra. Saiatu behar zara burua egoera horietatik ateratzen, ihesbideren bat topatzen: ahal baduzu korrika egin, edo yoga egin. 

Bizi izan dituzun esperientzietatik, zein da gehien ukitu zaituena?

Ebola. Oso gogorra izan zen. Medikuek, egoera arrunt batean, badakite ospitalean dauden gaixoen ehuneko bat sendatu daitekeela. Ebolarekin ez. Ebola sartzen bada, ez da ateratzen. Sierra Leonan egon ginen, ebolaren izurrite handia zabaldu zenean. Ebolak txikitu zuen herria. Ospitaleko sistema guztia birrindu zuen, mediku asko eta asko hil zirelako; hasiera batean ez zekiten zer gertatzen zen, eta mediku asko joan ziren eta hil ziren. Freetowngo ebolaren eremuan lan egin nuen.

Hego Sudanen, aurten, hamabost kooperante hil dira. Bizitza arriskuan jartzen duzu.

Ezinbestekoa da segurtasuna ziurtatzea, hala ere gerta daiteke trafiko istripu bat edo bala galdu bat… baina badakizu non sartzen zaren, zer egin behar duzun eta zer ez, oso serioa izan behar zara. Sierra Leonan, adibidez, ebolaren eremuan, 30 gradutik gora zegoen, eta eraman behar genuen jantziarekin 40 gradutik gora. Soilik 22 minutu pasatu ahal genituen ebolaren eremuan; ateratzen ginenean norberak bakarrik arropa guztia kendu behar zuen, protokolo oso zorrotz bat jarraituta; nekatuta egon zaitezke eta ez duzu burua behar den moduan, baina protokoloa jarraitu behar duzu, eta hori egunero, bi aldiz, edo hiru aldiz…

Merezi dizu?

Ni pribilegiatua sentitzen naiz. Merezi du emaitzak ikusten dituzulako, zerbait egiten duzulako jendearen onerako; nolabait ere sentitzen dut Afrikan egiten ari garenagatik ordaindu behar dugula. Etxera itzultzen zara, nekatuta, burua lur jota, baina bi hilabetera berriz deitzen dizutenean: "Zer?", eta nik: "Nora?". Jendea pozik joaten da, bestela ezin da. Zure buruarekin ondo egon behar duzu.

Afrikarekin zorra dugu?

Bai. Argi eta garbi.

Familiak gaizki pasatuko du?

Trikimailu batzuk erabiltzen ditugu: 'Turkiara goaz’ esan, eta Sirian zaude. Depende nolako familia duzu. Nik nire lehengusuari esana diot: 'zerbait gertatzen baldin bada zuri deituko dizute, ez dute etxera deituko'. 

Nolakoa da lur-hartzea Euskal Herrian?

Gauza arraroa gertatzen da. Itzultzen zarenean adrenalina eta estresaren maila oso altuak dituzu, eta zure ingurukoekin hasten zara hitz egiten, hango gauzak kontatzen, baina konturatzen zara hamar minutu entzun eta gero ez dutela gehiago entzun nahi. Nik bi lagun ditut, esertzen gara, afaldu lasai, eta honetaz hitz egiten dugu, baina jendeak ez du jakin nahi; azken hilabeteetan etxera iritsi naizenean: "Zer moduz?" "Ondo", eta listo.

Zergatik gertatzen da hori?

Horrela da. Jendeak ez du ezer jakin nahi "¿En Sudán se suda mucho?"  eta horrelakoak esan didate. Ez dakit zergatik den, badakit horrela dela eta listo, ez diot bueltarik ematen.

Berriro joateko asmorik duzu?

Bai, hurrengo urtean akaso, oraindik ez dakit zein proiektuan. 

Zenbat denbora ematen duzue toki bakoitzean? Denbora muga dago? 

Proiektuaren eta egoeraren arabera. Adibidez, Sierra Leonan bizpahiru hilabete egon nintzen, ebolaren eremuan sartzen nintzenez arriskua handia zelako. Larrialdi egoera bada, Malakalen bezala, eta bizitzeko egoerak oso txarrak zirenez, normalean bi edo hiru hilabete egoten da jendea. Ni, berriz, bost hilabete egon nintzen, eta zorotzat ninduten. 

Zure ustez, zer erantzukizun dute Europako gobernuek Afrikan geratzen ari diren drama horietan guztietan? 

Afrikari buruz entzun dudan esaldirik onena hau da: "Ez dago gauza okerragorik Afrikako herrialde batentzat besteek nahi duten zerbait izatea baino".

Europako herritarrek zer ardura dugu? 

Ez dakit. Telefono mugikorrak koltanarekin eginda daude, Kongon gerran daude…

Politika horien ondorioa da "errefuxiatuen krisia"? 

Errefuxiatuen artean egoera desberdinak daude, gerratik ihes egin behar izan dute Sirian, eta beste batzuek bere herrietan ez dagoelako ezer, ez dutelako etorkizunik. Euskal Herriko emigranteek berdin egin zuten, Ameriketara, Australiara joan ziren; hemen etorkizuna baldin badago hona etorriko dira. Normala da, naturala da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa