Arabako anfibio eta narrastien lehenengo atlasa argitaratu dute

Erredakzioa 2017ko mai. 22a, 17:46
Arrabio arabarra, Añanan. Irudia: Estitxu Ugarte.

Araban, 15 anfibio eta 22 narrasti espezie daude, horien artean, baso-igel jauzkaria eta arrabioa nabarmentzen dira.

Arabako Foru Aldundiak lurraldeko anfibio eta narrastiei buruzko lehenengo atlasa aurkeztu du. Herpetofaunaren atlasaren 356 orrialdetan mapak, aipu eguneratuak eta kalitate handiko argazki eta ilustrazioak jaso dituzte, eta  Elena Potes eta Conrado Tejado egindako dokumentazio eta azterlanaren emaitza da. Egileek zenbait espezieren presentzia nabarmendu dute, hala nola, baso-igel jauzkariarena (Arabakoa da espezie horren populazio handiena Iberiar Penintsulan) eta arrabioarena (gure lurraldean duen kolore aldakortasun handia azpimarratu dute). 

Argitalpenak Arabako anfibio eta narrasti guztiak, 15 eta 22 hurrenez hurren, biltzen ditu, banaketa mapen eta aipu eguneratuen bidez. 

Dragoitxoak Araban

Egileek argitalpeneko espezie protagonistetako batzuk nabarmendu dituzte, besteak beste, baso-igel jauzkaria edo dalmatina; Arabako populazioa Iberiar Penintsulako handiena da. Zehatzago esateko, Gorobel mendilerroko Gibijo eremuan eta Aiaraldean aurkitu dira ale gehien, urte batzuetan 40.000 alera heldu dira. Baso-igel jauzkaria Lautadan, Gorbeialdean, Salburuko hezeguneetan eta Izki eta Elgeko mendi hegaletan ere badago.

Deigarria da ere arrabio arabarraren kolore aldakortasun handia, hain zuzen, Arabako geografian dauden klima eremu desberdinen ondorio dena. Esate baterako, alde handia dago lurraldearen iparraldeko arrabioaren kolorearen eta Valderejoko arrabioarenaren artean.

Herpetofaunari buruzko atlas berrian jaso den beste datu bitxi bat da gero eta ohikoagoa dela gure lurraldean dragoitxoak ikustea. Lehen, espezie hori klima mediterraneoagoekin bakarrik lotzen zen, eta klima aldaketaren eragina egiaztatzen ari da orain. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide