Galdeketak elkartu ditu

Anakoz Amenabar 2017ko mai. 5a, 16:46
Arabako Gure Esku Dago ekimeneko kideak, Gasteizen. / Sergio Azkarate

Legutiok eta Urkabustaizek erabakitze eskubidearen inguruko bigarren olatu handienean parte hartuko dute igandean; Arabako Gure Esku Dagoko kideekin izan da Alea, kontsulta bezperan.

Hiru urte igaro dira estatus politikoaren inguruko lehenengo  herri galdeketa egin zutenetik Etxarri Aranatzen (Nafarroa), eta 91 herritan egin eta gero, igandean beste pauso bat emango du Gure Esku Dago herri ekimenak. 250.000 lagunek izango dute hautetsontzietara jotzeko aukera, tartean, Urkabustaiz eta Legutioko herritarrek. Dena prest dute maiatzaren 7an euskal estatu burujabe edo independenteari buruzko galdera erantzuteko, aldarrikapena eta festa lagun, baina emaitzak emaitza, ordea, bidean egindako auzolana eta herritarrak aktibatzeko lankidetza "emaitzarik onena" direla nabarmendu dute.   

Joan den ekainean Aramaion egin ostean, Gorbeialdeko Legutio eta Urkabustaiz udalerriek hartu dute lekukoa. "Aramaiokoaren ondoren guri zegokigula pentsatu genuen;    batetik, herrian bazelako talde bat nahiko egonkorra erabakitze eskubidearen alde lanean eta, bestetik, herriaren azterketa soziologikoa eginik eta hauteskundeetan izaten diren emaitzak ikusirik uste genuelako herriaren behar bati erantzuten ziola kontsultak", azaldu du Legutioren Esku dinamikako kide Gidor Bilbaok.

Urkabustaizen ere, hainbat duda izan eta gero, jauzia ematea erabaki zuten abenduan. "Aramaiokoa gertutik jarraitu eta aukera ona zela ikusi genuen baina azkeneko jauzia emateak beldurra ematen zigun; abenduko bilera batean, ordea, argi ikusi genuen orain zela momentua", gogoratu du Basaude dinamikako kide Iñaki Incerak.      

Babes zabala

Igandean herri galdeketek izango duten erantzunari begira, baikor dira sustatzaileak, hori erakusten duten hainbat seinale sumatu baitituzte. "Sinadura bilketa da horren erakusleetako bat; Legution berehala lortu genuen kontsulta egiteko beharrezko kopurua, eta adierazgarria da. Baikor gaude eta hori garrantzitsua dela uste dut", azaldu du Legutioren Eskuko kide Josune Agirrek. Gainera, urtean zehar egindako bileretan aritu ez direnak ere, gauza zehatzetan parte hartzeko prest izan direla gogoratu du: "Gazte asanbladara jo dugu, esate baterako, igandeko txosnaren inguruko lanetan parte hartzea eskatzeko eta berehalakoa izan da erantzuna". 

Urkabustaizen ere aise lortu zuten beharrezko babes kopurua Basaudeko kide Amaia Gabikagojeaskoak azaldu moduan. Igandera begira, ordea, herritar desberdinetara heltzea "zaila" izango dela uste du: "Parte-hartzea zabala izan da orain arte, baina nik kezka dut desberdinetara heldu ote garen; gazteekin dut, batez ere, zalantza".  Heldu nahiz gazte, herriz herri aritu dira galdeketaren ingurukoak azaldu eta aurkezten: "Udalerriko herri guztietan banatu ditugu boto-paperak, eta elkartu garenekin azaldu eta eztabaidatzeko aukera izan dugu. Debatea kalean jarri dugu behintzat".

Batik bat 40 urtetik gorako jendea aritu da Legutio zein Urkabustaizko lan taldeetan, eta gazteetara heltzeko zailtasunak aipatu dituzte.  "Edade horretako jendea dagoenean gatxa da dinamika horretara beste belaunaldi bat inplikatzea; baina uste dugu nahiz eta asteroko dinamikan ez egon, igandean parte hartuko dutela, orain arte zerbait eskatu zaienean prest egon direlako", aipatu du Bilbaok.        

Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea nahi duten arren, ez dute portzentajerik zehaztu nahi. Orain arte egindakoen batez bestekoa %30 ingurukoa dela gogoratu dute, baina kontsultak egiten diren baldintzetan %25a bakarrik lortzea ere "oso erronka zaila" dela esan dute. "Askok zalantza dute, alde batetik zein bestetik, honek zerbaiterako balio ote izango duen, eta beharbada guk ez dugu mediorik horri erantzuteko. Halere, emaitza bera baino, askotan garrantzitsuagoa da egin dugun bidea, hitz egitea, kalean egotea...", aipatu du Incerak. "Gainontzeko herrien batez bestekoaren pare egotea gustatuko litzaiguke Legution, eta Urkabustaizek baino  boto bat gehiago izatea behintzat kar-kar", aipatu du Bilbaok txantxetan. 

Bide aberasgarria

Igandeko emaitzaren zain, egindako bidea "aberasgarria" dela nabarmendu dute denek. Bateko zein besteko, herritar ugari batzea lortu dutela gogoratu du Agirrek: "Eta  jendea elkartzeko modurik onena ikusi dugu dela politikaz  haragoko zerbait dela transmititzea, eskubide bat dela, eta mugimendu soziokultural bat garela". Parte-hartzea dena delarik ere, egindakoaz pozik egoteko modukoa dela uste du Bilbaok: "Alderdietan lerrokatuta ez dagoen jendeak ikusi du protagonismoa izan dezakeela halako proiektu batean, eta beste batzuetan muturka ari diren alderdietako herritarrak ere batera ikusi ditugu; hori, duda barik, emaitza positiboa da".

Elkarrekin "posible" dela erakustea da, Inceraren ustez, egindako lanaren emaitza nagusia: "Galdera bera prestatzeko eztabaida izan genuen, burujabetza, independentzia eta bestelako osagaiak mahai gainean jarrita, eta hori bera aberasgarria izan da herritarrentzat".

Gasteizen, babes bila 

Aramaion egindakoa, eta Urkabustaiz eta Legution igandean egingo dutena, gertutik ari dira jarraitzen  Gasteizko Gure Eskuko kide Itziar Irurozki eta Alberto Garcia, hiriburuan ere herri galdeketa egiteko asmoz. "Ikasturte hasieran bilera bat egin genuen Gasteizen erabakitze eskubidearen inguruko jarrera zein zen jakiteko, eta uste baino erantzun beroagoa izan genuen", gogoratu du Garciak. Beharrezko babesa lortzeko sinadura bilketa abian jarri dute, eta horren arabera, herri galdeketa posible den baloratuko dute. "Gasteizek erabakiko du galdeketa egingo duen ala ez; nahi bai, eta bultzada eman nahi diogu horretara heltzeko", aipatu du Irurozkik.

Herrien aldean, hirian babesak biltzeko lana "inpertsonalagoa" dela aipatu du Garciak eta, beraz, prozesua zailduko duela. "Loturak konplexuagoak dira, ezezagunengana jo behar duzulako, eta beharbada polikiagoa joango da, politikariengana gerturatzeko ere zailtasun gehiago dago; beste hiri bateko eredurik ere ez dugu halako kontsulta bat prestatzeko, baina lehen urratsa egiteko prest gaude". 

Bide horretan, erabakitze eskubidearen aldeko adierazpen bat prestatu dute, eta atxikimenduak biltzen izango dira hurrengo egunetan ere. Maiatzaren 21ean amaituko dute kanpaina, festa txiki batekin, eta orduan erabakiko dute hurrengo pausoa zein izango den. Burujabetzarena moduko galderak naturaltasunez egin daitezkeela erakutsi nahi dutela nabarmendu du Irurozkik, eta horretarako babesa bilatuko dute. "Gure iritzia da eta ez digute eskubide hori aurrera eramaten uzten; herriari bide bat emateko lan egingo dugu".

 

Aldarrikapena eta festa

Legutio

09:00 Hautetsontzien irekiera.

10:30 Azoka.

12:00 Kalejira. Txistulariak, trikitilariak, Otxandioko dultzaineroak, Gasteiz Kantuz.

12:15 Maiatzaren 7ko adierazpena.

13:30 Niko Etxart.

18:00 Marrazketa lantegia, umeekin.

20:30 Emaitzak.

 

Urkabustaiz

09:00 Hautetsontzien irekiera. Agurra, suziriak eta txalaparta.

11:00 Azoka.

11:30 Umeentzako jolasak.

13:00 Euskal dantza topaketa eta erakustaldia. Haizea, Arantzabela, Eguzkilore, Gazteri eta Triskari dantza taldeak.

13:45 Harrera ekitaldia. Bertsoak, abesbatza eta dantza.

19:00 Mikel Markez.

20:30 Emaitzak.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide