Artiumek bere bilduma gerturatu nahi die arabarrei

Erredakzioa 2017ko api. 26a, 16:41
Hamabosgarren urteurrena ospatzen ari da aurten Artium museoa. / Irudia: D. Mangana

Bildumako artelan nagusiak erakusteaz gain, artelan horiek ikusgai jartzeko prozesuak eta baldintzak erakutsiko ditu Artea eta (artearen) sistema erakusketak.

Bere hamabosgarren urtemuga ospatzen jarraitzeko, museoko lantaldeak prestatutako Artea eta (artearen) sistema erakusketa inauguratuko du gaur Artiumek. Museoaren bilduma iraunkorreko 44 artelan adierazgarrienak bilduko ditu Daniel Castillejo zuzendariak, Enrique Martinez Goikoetxeak eta Javier Iriartek prestatu duten proposamenak. Era berean, ikusleen galderei erantzuten saiatuko da erakusketa, besteak beste, museoaren bildumaren jatorria azalduz. Izan ere, erakusketa bikoitza da, bi aretotan banatu dute eta orain arte aurkeztu ez den ikusmolde bat eskaintzen dute; arte garaikidea erakusteaz gain, ondare kultural publikoaren bilduma osatzeko modua ezagutaraziko du. Hots, batetik, artea, eta bestetik, artearen sistema gerturatuko die erakusketa honek arabarrei.

Hala, 1964.urtean Arabako Foru Aldundiak bere bilduma osatzen hasi zenetik bildu dituen artelan adierazgarrienak ikusgai izango dira, tartean, Picasso, Miro, Dali, Tapies edo Chillidaren obrak. Guztira, 44 artelan izango dira, museoak 2002. urtean ateak ireki zituenetik gehien erakutsi diren eta kanpoko erakundeetatik gehien eskatu direnak.

Erakusketaren bigarren zatian, berriz, espezializatu gabeko ikusle batek egin ditzakeen galdera ugariei erantzuten saiatzen da. Besteren artean, Artium Bildumaren jatorria, zer prozedura aplikatzen den artelan bat Museora heldu ondoren edo kontserbatzaileen eta zaharberritzaileen lanaren adibide adierazgarriak erakutsiko ditu.

Artea eta (artearen) sistema Hegoa eta Ekialde-Behekoa aretoetan izango da, irailaren 17ra arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide