Mendizorrotzako eraberritzearen inguruko herri galdeketa proposatu du Irabazik

Erredakzioa 2017ko api. 6a, 16:50

"Mendizorrotza handitzeko lanetara diru publikoa bideratu baino lehen, udaleko zenbait kirol instalazioetan egin gabe dauden obrak egin beharko lirateke", adierazi du Irabaziko Oscar Fernandezek.

2017an partaidetza zuzeneko mekanismo berria abian jarri nahi du Gasteizko Udalak, eta oraindik gai zehatzik ez duen herri galdeketa bat egitea aurreikusten du azarorako. Irabazi udal taldeak galdera hori Mendizorrotzako eraberritze lanen ingurukoa izatea proposatu du.

Aurreko asteartean Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotzi Isabel Martinezek iragarri zuenez, Udal Gobernuak galdera hori talde politiko guztien artean erabakitzeko asmoa du. Izan ere, herritarrek galderak aurkezteko aukera izan dute, baina epea amaituta, ez da proposamenik jaso. Irabaziren ustez, arrazoia horretarako jaso behar den sinadura kopurua handia izatea da; hots, 19.000 sinadura, erroldaren %10. 

"Mendizorrotza handitzeko lanetara diru publikoa bideratu baino lehen, udaleko zenbait kirol instalazioetan egiteke dauden obrak egin beharko lirateke", adierazi du Irabazi taldeko zinegotzi Oscar Fernandezek. Obra honek 50 milioi euro inguruko kostua izango luke, eta Gorka Urtaranek defendatzen duen Anoeta ereduaren arabera, udalak 15 milioi euro hartuko lituzke bere gain.

Guztira 32.000 lagun bertan sartzea aurreikusten du klubak. Mendizorrotza eraberritzeaz gain, kirol hiria eta jokalarien egoitza eraikitzea aurreikusten du proiektuak. Guztira, 50 milioi euro inguruko kostua izango luke obrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide