Dirua aurrezteko Indesak "ezinduen lan baldintzak prekarizatzen" dituela salatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2017ko urt. 31a, 10:27
Indesa Arabako Foru Aldundiaren enpresa publikoa da.

Indesa foru erakundearen enpresa publikoa da; 755 langile ditu, horien %90 aniztasun funtzionala duten pertsonak dira.

Arabako Foru Aldundiak "aniztasun funtzionala duten pertsonen lan baldintzak prekarizatzen" dirua aurrezten duela salatu du EH Bilduk. Zehazki, Aldundiaren sozietate publikoa den Indesa enplegurako zentro bereziaz ari da alderdi abertzalea. Guztira, zerbitzuak 755 langile ditu, eta horietako %90 aniztasun funtzionala duten pertsonak dira. Aldundiak garbiketa lanengatik 22 euro orduko ordaindu ohi ditu, baina Indesa kontratatzen duenean 12-15 euro ordaintzen dituela salatu du EH Bilduk. "Gure beldur guztiak baieztatu ditu gaur Zerbitzu Sozialen Foru Sailak; ezinduen lan baldintzak prekarizatu dituzte diru publikoa aurrezteko", ondorioztatu du EH Bilduko batzarkide Luis Salgadok.

Otsailaren 1etik aurrera Indesak Arrasateko Debagoieneko ospitalean garbiketa zerbitzua eskainiko duela iragarri du Aldundiak. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak lan hori kudeatzeko emandako ardurak urtebeteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin. Aurreikuspenek diote 72 tona arropa jasoko dituela Indesak Debagoieneko ospitaletik, eta lan horregatik urtean 175.000 euro jasoko dituela.

Atzo Inbesa enpresa publikoaren egoera aztertzeko ponentzia bat osatuko dela berretsi zuten. "Ponentziak datorren astean hasiko ditu lanak eta besteak beste, arazo hau jorratu beharko du. Izan ere, urtero ia bi milioiko galerak ditu", gaineratu du Salgadok.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide