Euskarazko hiru kultur proiektu abian dira, 'Gazte Sortzaileak' bekari esker

Erredakzioa 2017ko urt. 24a, 18:26

Beñat Goitiaren Isturitzetik Etiopian Barrena, Iñaki Landaren Story map eta Marina Suarezen Jainko bat proiektuak martxoan izango dira ikusgai.

Gazte Sortzaileak bekaren bigarren edizioan hautatutako hiru proiektuak aurkeztu dituzte Oihaneder Euskararen Etxean; Isturitzetik Etiopian Barrena, Beñat Goitiarena; Story map, Iñaki Landarena, eta Jainko bat, Marina Suarezena. Hirurak euskarazko kultur proposamenak dira, tamaina txikikoak eta ahozkotasunari lotuak, besteak beste, antzerkia, musika, ikus-entzunezkoak edo poesia nahasten dituztenak.

Hiru proiektuak, martxoan ikusgai

Beñat Goitiaren Isturitzetik Etiopian Barrena proposamena, esaterako, musika, literatura eta zinema uztartzen dituen lana da. Egilearen hitzetan, "diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua da", Interesdunek martxoaren 23an ikusteko aukera izango dute, Oihaneder Euskararen Etxean. "Isturitzetik Etiopiara, desparadisura, desertura, finean, heriotzara bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da".

Iñaki Landa kazetariak, berriz, Gasteizko kultura alternatiboan oinarritutako story map bat osatuko du. "Ohiko mapak dira oinarrian, baina testu, argazki, bideo edo soinuekin eguneratuak", argitu du Landak. Horretarako, bi lantegi antolatu ditu otsailaren 11an eta 18an (izena emateko: landa.ina@gmail.com), parte-hartzaileekin batera, "XXI mendeko mapak" sortzeko. "Arte eta kulturgintzaren esparruan, Euskal Herriko hiri batean egiten den lehena izango da Gasteizkoa, hiriaren ondare immateriala bihurtuko dena", gaineratu du. Emaitza martxoaren 16an izango da ikusgai Gasteizko udalaren webgunean.

Azkenik, Marina Suarez artistak koreografia, arkitektura, olerkia, soinua eta plastika nahastuko ditu Jainko bat obran. Bertan, idoloei buruz duen ikuspegia erakutsiko du artistak. "Idoloa gorpuztu, azaleratu,  jantzi, entzun, jo" nahi du lan honekin, "idoloa agerraraztea norberaren barrunbetik atera nahian". Ikuskizuna Baratza aretoan aurkeztuko du Suarezek, martxoaren 26an.

Gazteen sorkuntzari sostengua

Gazte Sortzaileak beka Gasteizen euskarazko kultur proiektuen sorkuntza sustatzea du helburu. Gasteizko Udalaren ekimena da, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. Bigarren edizio honek 18.000 euroko aurrekontua izan du, eta proposamen bakoitzak gehienez 4.000 euroko laguntza izan du. Orotara sei proiektu aurkeztu dira, eta hiru aukeratu. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide