"Gaurko ikasleek ez dute euskal arbasorik, hutsetik hasten dira"

Marta Ugarte eta Iñigo Larramendi 2017ko urt. 26a, 17:00

Argentinako Euskal Echeak 2016ko Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) saria jaso du, nazioartean euskararen sustapenean egiten duen lanagatik. Euskal Echeako euskara eta euskal kulturako koordinatzaile Begoña Muñizek AleaFM irratsaioan eman du bere lanaren berri.

Zer lana egiten ari zarete Argentinako Euskal Echean euskara eta euskal kulturaren sustapenean? 

1904. urtean sortu zen Argentinako Euskal Echea; Euskal Herritik joandako euskaldunek sortu zuten, beraien seme-alabei ikaskuntzak euskaraz eman nahi zizkietelako, eta euskal kultura mantendu nahi zutelako, ama hizkuntza ez galtzeko. Egun mantentzen saiatzen gara hori; gaurko ikasleek ez dute euskal arbasorik, oso gutxi dira euskal arbasoak dituztenak, baina ikastetxeetan ezagutzen dute gure hizkuntza, gure ohiturak, eta maitatzen hasten dira.

Zenbat ikastetxe ditu Argentinako Euskal Echeak? Zenbat irakasle eta zenbat ikasle ari dira? 

Bi ikastetxe ditu Euskal Echeak, bat Buenos Airesen, hiriburuan, eta beste bat 20 kilometrotara. 3.000 ikasle ditugu eta bost lagun gara euskara irakasle; denak gara argentinarrak eta euskaldun berriak, guk ikasi genuen gure Euscal Echean eta denok joan ginen barnetegietara ikasketak bukatzera, eta hobeto ikastera. Adibidez, ni Lazkaon egon nintzen, Maizpiden, hiru hilabetez, klaseak hartzen. Orain dela hamar urte hasi ginen gaurko egitasmoarekin; horretan nahasten dugu euskal kultura eta hizkuntza, egungo ikasleek ez dutenez euskal arbasorik, lehen etxean ikasten genuena erakutsi behar diegu, hutsetik irakatsi behar ditugu euskara eta euskal kultura.

Euskara curriculumean sartu duen instituzio bakarra da Argentinan Euskal Echea; nola garatzen ari zarete lan hori?

Bakarrak garenez, beti Euskal Herrira begira lan egiten dugu, materiala internet bidez lortzen dugu, edo aurten aprobetxatu dugu bisita materiala ikusteko eta ideiak hartzeko; normalean guk sortzen ditugu gure materialak eta ikas-fitxak... Bestalde, ekimenak antolatzen ditugu, Korrika antolatzen dugu Euskal Herrian bezala, Gernikaren bonbandaketa gogoratzen dugu eta omenaldia egiten dugu, eta Euskararen Egunean ere ospakizun berezia egiten dugu.

Euskaldun berria zara; nola hurbildu zinen euskararen mundura?

Nere aitona-amonak hemengoak ziren; horregatik ni txikitatik Euscal Echera joaten nintzen eta beti izan dut ikasteko gogoa, beraz aukera izan nuenean hasi nintzen. Argentinan badago programa bat HABEk antolatzen duena, Euskara Munduan, helduentzako da eta programa horretan barnetegiak antolatzen dira, eta han ikasi nuen euskara.

Zer eskaini dizu euskarak?

Asko. Pentsa ezazu, ni ingeleseko itzultzailea naiz, eta ingelesa ere irakasten dut, baina hori lana da; euskarak ematen didana desberdina da, bihotzez egiten dut, maite dut, asko pozten naiz umeak abesten dutenean, edo zerbait euskaraz esaten dutenean, oso harro senti arazten nauen zerbait da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide