Jon Basaguren

"Gero eta zailagoa zaigu kantu bat bukatutzat ematea"

A.Amenabar / S. Fdz. de Arangiz 2017ko urt. 19a, 14:15

Jon Basaguren, musikaria.  Aurri gara diskoaren biraren azkeneko kontzertuak eskaintzen ari da egunotan Izaki Gardenak; proiektu berriak buruan, atsedena hartuko du Jon Basagurenek martxotik aurrera, indarberrituta bueltatzeko.

Musikari ezinbestean lotuta bizi da Jon Basaguren (Gasteiz, 1984). Euskadi Irratiko Zidorrean murgiltzen da egunero ezusteko berrien bila, bertatik bertara entzuteko saioak antolatzen ditu Apolo aretoan eta, ororen gainetik, taulan jarraitzen du Izaki Gardenak taldearekin. Martxoan eskainiko dute azkeneko kontzertua, Gasteizen, tarte batez atseden hartu aurretik.   

'Aurri gara' diskoa aurkezteko biraren azkeneko kontzertuekin zabiltzate. Nolakoak izan dira? 

Urte berriarekin batera bi eman ditugu, Donostian eta Bilbon, eta ikaragarriak izan dira. Jendeagatik, gorakada bat nabaritu dugulako; Donostian, adibidez, sarrerarik gabe geratu zen Bukowski eta sekulako giroa zegoen, gu ikusteko gogoa zegoen eta orain ari gara hori nabaritzen, azken kontzertuetan. Ematen du jende gehiago ari dela poliki-poliki taldea ezagutzen eta azkenekoetan gogo hori sumatzen dugu, beharbada azkeneko kontzertuak direlako, gero atsedenalditxo bat hartuko dugulako. 

Azkena Gasteizen emango duzue, martxoaren 17an. Bereziagoa izango da?

Bai, batez ere guretzako. Ez dut uste aldaketarik egingo dugunik, azkeneko kontzertuetarako bi kantu berri prestatu ditugulako, argitaratu berriak, eta ez dugu kontzertua ezer aldatuko, baina gu diferente egongo gara, etxean arituko garelako, gero ez dugulako furgorik hartuko... eta honen guztiaren amaiera moduko bat izango delako. Amaiera pozgarria.

Hilabete batzuetako etena? 

Hilabete batzuk baino dezente gehiago aurreikusten dugu. Ez dugu kantu berririk eta gure asmoa da itzultzen garenean kantu berri batzuk aurkeztea. Azkenekoz Aurri gara aurkeztu dugu, txukun, pozik gaude aurkezpenekin eta aukera asko sortu zaizkigu zuzenekoak eskaintzeko. Eskaini ditugu, lan handia egin dugu, baina iruditzen zitzaigun momentua zela pixka bat gelditzeko, kantua berriak egiteko, eta itzultzen garenean indartsu bueltatzeko. Gainera, bakoitzak baditu beste proiektu batzuk ere, musikan eta bestela, eta zaila da mantentzea talde bat aktibo etengabe. Nahiago genuen geratu, beste gauza batzuk egin guztiok, eta bitartean buelta prestatzen joan.  

Azkeneko kontzertuetan aurkeztutako kanta berriak – 'Oinak lurrean' eta 'Bihotz' –  bidean prestatutakoak dira?

Bai, iaz sortutako kanta da Oinak lurrean, akorde horiek etxean nituen eta lokalera eraman eta noizbehinka probatzen genuen eta ikusten genuen bazegoela kanta bat. Erabaki genuenean azkeneko kontzertu hauek jotzea eta atsedenalditxoa hartzea bururatu zitzaigun kantu hau grabatzea eta horri bertsio bat gehitzea; aspalditik nahi nuen Benito Lertxundiren bertsio bat egin. Horrela, nolabaiteko gorpuzkera bat eman diogu guztiari: azkeneko kontzertuak, kantu berri bat, bertsio bat eta gero, atsedenalditxoa.   

Sorkuntza prozesua etorriko da ondoren. Zeintzuk dira prozesu horretarako iturriak?

Iturriak pila bat. Evaristori entzun nion, zorionak ematen zizkiotela hitzengatik eta berak beti aipatzen zuela lapurtu besterik ez zuela egiten, seguru nonbaitetik  hartua zuela eta hor geratzen zitzaizkiola... Batzuetan kontziente naiz nondik datorren eta non entzun dugun, eta beste batzuetan ez naiz gogoratzen non entzun dudan esaldi hori baina joaten naiz denak apuntatzen, edo ideiak, irudiak, gustatzen zaizkidan gauzatxoak. Gero horiekin puzzle moduko bat egitea da kontua, eta koherentzia bat ematea hitzei. 

Zer irudikatu duzu 'Oinak lurrean' kantarekin?

Ideia nagusia urte berriaren ideia zen, nahikoa amorru ematen didana bestalde; ematen du abenduaren 31n zerbait bukatzen dela eta beste zeozer hasi, eta egitan ez da ezer bukatzen eta ez ezer hasten. Oinak lurrean edukitzearen behar horri, bestetik, hain gorapaitua dagoen horri, buelta eman diogu, oinak lurrean edukitzearekin tematuta lurperatzeko aukera dagoelako.

Orain letrei garrantzia berezia ematen diezu?

Bai, orain izugarrizkoa, hori egia da. Beti eman izan diet, baina egia orain buelta bat ematen diedala letrei. Lehen beharbada joaten nintzen melodia baten bila, zainduta eta txukun sartzen saiatzen nintzen, eta lehenengo ideiarekin ez baina bosgarrenarekin geratzen nintzen. Orain askoz ere prozesu zailagoa da, baina prozesu guztia, gero eta zailagoa da kantu bat bukatutzat ematea.

Perfekzionistagoak zaretelako?

Beharbada bai, eta gehiago dakigulako, ez gara konformatzen. Orain dela bost urteko "a ze polita!" esaten genuena orain "ze normala!" iruditzen zaigu, beste gauza batzuk bilatzen goaz. Horregatik ere itzultzearena, kantu hau egiteko ez dakit zenbat buelta eman badizkiogu, pentsa zortzi batzen ditugunerako kar kar.

 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 90. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide