3.000 zuhaitz landatu ditu Aldundiak Uribarri Ganboan

Erredakzioa 2017ko urt. 3a, 11:18
Ibaiertzetako espeziek landatu dituzte, hala nola, lizarrak, zumeak eta makalak.

Iragazki naturala izango dira, eta horren ondorioz, uraren kalitatea hobetuko da.

Bertako 3.000 zuhaitz espezie landatu ditu Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak Uribarri Ganboan. Horrela, eraztun berdea sortu du urtegiaren perimetroan; iragazki naturala izango da, eta uraren kalitatea hobetuko du.

Zehazki, ibaiertzeko espezieak landatu dituzte, hala nola lizarrak, zumeak, zurzuriak eta makalak uretatik gertuen dauden guneetan, eta erkametzak, elorri zuriak eta elorri beltzak eremu lehorragoetan. Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak gogorarazi duenez, "kontua da iragazki ekologiko bat sortzea, urtegiaren inguruko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak sortzen dituen substantziak eta konposatuak atxiki, iragazi eta araztuko dituena, hartara gizakiok edateko den ur horren kalitatea hobetzen jarraitu dadin".

Horren harira Galerak erantsi duenaren arabera, "urtegia bizileku finkotzat edo aldi baterako bizitokitzat duten hegaztien habitata hobetuko da, eta narriatuen dauden eremuak berrituko dira". Izan ere, hainbat espezie mehatxaturi ostatu ematen dio urtegiak. Guztira 25 espezietako 3.700 ur hegaztik baino gehiagok urtegi horretan ematen dituzte neguko hilabeteak, eta urtero 456 bikote ugaltzaile ur horietan lekukotzen dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide