Zatiketa Arabako Podemosen, aurrekontuak direla eta

Erredakzioa 2016ko abe. 13a, 14:50
Arabako Podemoseko batzarkidean Batzar Nagusietan.

Zortzi batzarkideetako bostek zuzendaritzatik "inposatu" dieten erabakia onartzen ez dutela esan dute. Alderditik kanporatuak izan daitezkeela adierazi du Lander Martinezek, Podemosen Koordinazio idazkariak.

Asteburuan EH Bilduk EAJk eta PSEk aurkeztutako Arabako 2017ko aurrekontuak onartuko zituela iragarri zuen. Podemosek, berriz, abstenitu egingo dela adierazi zuen. Izan ere, atzo Arabako Podemoseko zortzi batzarkideetako bostek zuzendaritzatik "inposatu" dieten erabakia onartzen ez dutela iragarri zuten Aldabe gizarte etxean egindako agerraldian. Zuri bozkatu beharrean, Arabako Zirkuluei hitza ematea eskatu dute.

Zehazki, Koldo Martin, Javier Bizarro, Juanjo Celorio eta Dani Trujillano dira zuzendaritzaren erabakiarekin kritiko agertu diren batzarkideak. Hauen ustez, datorren urterako proposatutako aurrekontuak "iazkoen ildotik doaz; ez diote langabeziari, pobreziari eta berdintasun faltari aurre egiten". Era berean, eztabaida prozesuan parte hartu ez dutela salatu dute, ezta ondoren hartutako erabakian ere. "Euskadiko Koordinazio Batzordeak abstentzioa inposatu digu, eta kontra gaude", nabarmendu dute.

Egoera honen aurrean, Arabako Batzar Nagusietan Podemoseko bozeramaile Arantza Abeciak alderdia zatitu nahi izatea leporatu die kritiko agertu diren batzarkideei. "Aurrekontuak aitzakia perfektua izan dira zatiketa agerian uzteko eta biktimarena egiteko".

Podemosen Koordinazio idazkari Lander Martinezek lau batzarkide hauek kanporatuak izan daitezkeela adierazi du, bere hitzetan, "kasua oso larria baita", gaur goizean eskaini duen agerraldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide