Herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko programa jarri dute abian

Mirian Biteri 2016ko urr. 13a, 09:49

Zuk. Horixe da Gorbeialdeko Zuia eta Urkabustaiz udalerriek eta Añanako Kuartangok elkarlanean martxan jarri duten programaren izena. Sedentarismoa ekiditea eta jarduera fisikoa sustatzea bilatzen du tokian tokiko ekimen horrek.

Jaurlaritzaren Mugiment izeneko plan estrategikoaren barruan dago Zuk. Plan horretan udalerriak dira egitasmoa aplikatzeko ardatz nagusia; zortzi ildotan banatuta dago, eta horietatik garrantzitsuena Mugisare izenekoa da. Tokiko garapena du horrek helburu, eta horren barruan dago, hain justu ere, Gorbeialdean eta Añanan abiatutakoa.

Urkabustaizko kultura, kirol eta euskara zinegotzi Gorka Iturriagak ekimenaren berezitasunak azaldu ditu lehenik: "Sareak, esan bezala, Zuk izena darama; hiru udalerrietako izenen lehenengo hizkiarekin egindako hitza da, haien arteko elkarlana nabarmentzeko. Hiru udalerri dira, bi kuadrilla ezberdinetan daudenak".

Bestalde, nabarmendu du pasa den urte amaieran hasi zirela lan egiten udalerri horietako arlo ezberdinetako teknikari, ordezkari politiko eta bestelako eragileak. "Buruan geneukan aspalditik herritarrak sasoian egoteko zerbait egitea. Baina ez genuen baliabiderik garatzeko. Jaurlaritzaren laguntzarekin, kanpoko enpresa batekin hasi ginen lanean", adierazi du.

Tailer parte-hartzaileak

Egoeraren hausnarketa egin zuten lehenik eta behin, eta oinarrizko diagnostikoa osatzeko hainbat bilera egin ostean, tailer parte-hartzaileak antolatu zituzten udaberrian. Udalerri bakoitzean bana egin zen, elkarte eta norbanakoek beraien ideiak eta proposamenak eman zitzaten, herri bakoitzak eskaintzen dituen aukera eta beharretatik abiatuta.

Bertan jasotako "ekarpen ugarirekin" lan egiten hasi ziren ondoren; asmoa da urtea amaitu baino lehen jarduerak antolatzea. Dagoeneko hainbat egin dituzte. Urriaren 22an, esaterako, Nordic Walking  irteera egingo dute Zuian. Kuartangon ere perretxikotan joango dira. Urkabustaizen, berriz, Pildora 3x3x3 ekimenarekin dabiltza; kirol jarduera ezberdinak lantzen ditu horrek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide