Botulismoak jotako hegaztiak berriz ere aske utzi dituzte

Erredakzioa 2016ko urr. 10a, 12:14

Botulismo gaitzagatik Martiodan tratamendua jaso ondoren zertzeta bat eta hiru ahate askatu ditu Guardiako urmaeletan.

Guztira, 54 hegazti hil dira botulismoagatik uda honetan, joan den abuztuaren 21ean gaixotasunaren lehen aztarnak antzeman zirenetik. Halere uda honetan lehenengoz ezarri den alerta goiztiarreko sistemari esker iazko 739 hildako hegaztien kopurua nabarmen murriztu da.

Alerta sistema honen bitartez botulismoak eragindako hegaztiak berehala erretiratzeko protokoloa martxan jarri eta, ahal den neurrian gaixotasunaren hedapena galarazteko neurriak ezarri nahi izan dira.

Jasotako hegaztiek Martiodako Basa Faunaren Suspertegian tratamendua jaso dute hilabete eta erdiz, eta aste honetan aske utzi dituzte berriz ere. Hain zuzen ere, zertzeta bat, bi basahate eta ipar ahate bat askatu dituzte Guardiako urmaeletan.

 

Hegaztientzat tratamendua

Hegaztiek jasotzen duten tratamenduari dagokionez, berrogeialdiko gela bat atontzen da botulismoak jotako animalientzat. Bakoitza bere gelaxkan egoten da elkar ez kutsatzeko, egunero behar bezalako hidratazioa ematen zaie eta kloaka estimulazioa ematen zaie gaitzaren toxina desagerrarazteko. Horrez gain, antibioterapia ere aplikatzen zaie bigarren mailako infekziorik izan ez dezaten eta bitamina konplexuak ematen zaizkie.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide