Asiako liztorrari aurre egiteko neurriak hobetu ditu Arabak

Erredakzioa 2016ko ira. 20a, 16:50

Aurten 112 habia kendu dituzte; 2015eko irailera bitartean, aldiz, 31.

Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Asiako liztorraren aurka jarduteko ekintza plana eta protokolo berria onartu ditu, espezie inbaditzaile hori lurraldean areagotu egin delako. Izan ere, urtea hasi zenetik orain arte Aldundiak Araban Vespa Velutinaren 112 habia kendu ditu; aldiz, 2015eko lehenengo bederatzi hilabeteetan 31 besterik ez zituen kendu. Gainera, aurreikuspenen arabera, gero eta gehiago kenduko dira abendu edo urtarrilera arte, orduantxe hiltzen baitira intsektu horien koloniak.

 Protokolo berri honi esker sailen arteko koordinazioa hobetu eta esku hartzeak azkarragoak eta eraginkorragoak izan daitezen lortu nahi dute. Hain zuzen ere, suhiltzaileak herriguneetako eta inguruetako habiak kontrolatzeaz arduratuko dira, baita identifikatu eta suntsitzeaz ere. Aldundiaren basozaintzak eta miñoiak arduratuko dira lan horretaz natura eremuetan edo herrietatik kanpoko inguruetan. Era berean, gaur onartutako protokoloan jasotzen da beste administrazio batzuetara jotzeko aukera, bitartekoak nahiko ez izatekotan.

 

Abisu guztiak 112ra

Foru Aldundiak, baita ere, herritarren laguntza eskatu du. Asiako liztorren habiarik detektatzekotan, Sos Deiak-en 112 telefonoaren bidez abisatu behar dute. Era berean, espeziea gehiago kontrolatzeko helburuaz, Aldundiak Asiako liztorren habien lurraldeko erregistro ofiziala sortu du.

 Gero eta gehiago

 2012ko irailean antzeman ziren lehenengoz Asiako liztorrak Araban. Arabako Foru Aldundiak eta Neiker-ek Arabako erlezain elkarteekin elkarlanean ipinitako detekzio tranpen bidez harrapatu ziren liztorrak. Urte horretan bertan, Asiako liztorren lehenengo bi habiak aurkitu ziren, Aramaion. Ordutik 8 habia kendu dira 2013an, 24 2014an eta 170 2015ean. Espezie honen aurrerapena oso nabarmena da, Bordelen 2014an eta Hondarribian eta Baztanen 2010ean detektatu zenetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide