Migrazio politikak salatu eta mobilizatzera deitu dute Greziako karabanako kideek

Erredakzioa 2016ko uzt. 29a, 13:36
Greziara joandako karabanako kideek agerraldia egin dute Gasteizen. / E. Anda

Gasteiz Irekiak egingo dituen deialdietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Karabana Greziara: mugak zabalduz ekinaldiarekin bat eginik, Gasteizko 40 lagun abiatu ziren uztailaren 15ean Greziara, Euskal Herriko beste 80 pertsonarekin batera errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu eta Europaren politikak salatzeko. Etxean, berriz ere, balorazioa egiteko agerraldia egin dute gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Europaren “migrazio politika kriminala” salatu eta nazioarteko elkartasun sarea “ehuntzen” laguntzeko deia egin dute.

Grezian izandako egonaldian, Europara sartzen saiatzen direnenen  milaka pertsonei ezartzen zaien “gizagabeko egoeraren lekuko” izan direla azaldu dute karabanan parte hartu duten kideek, eta horren berri lau haizetara emango dutela: “Kanpalekuetan isolamendua, pertsonen pilaketa jasangaitza, osasun eta higiene baldintza penagarriak eta elikadura ezin txarragoa ikusi ditugu, eta honen aurrean gure gobernuek beste alde batera begiratzen dute”.

Egoera honen aurrean, mobilizatzera deitu dute eta, besteak beste, Europako Batasunak asiloari buruzko akordioak bete ditzan galdegin dute. “Erabaki sendoa hartu dugu estatuan lankidetza bultzatzen jarraitzeko eta saiatzeko lankidetza hori Europara ere zabaltzen”.

Hala, herritar guztiei dei egin diete migrazio kontuetan garatzen ari diren politikak salatzeko, eta Gasteizen egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. “Ekimenekin jarraituko dugu, gutxienez, harik eta Europako Batasunak eta, gure kasuan, Espainiako Gobernuak bere gain hartu arte giza eskubideei eta asilo-politikari buruz eginak dituzten akordioak”. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide