Zergatik? Why?

Mikel Garmendia 2016ko uzt. 21a, 10:17
Errefuxiatuen kanpalekua. /Greziara Karabana

Horixe, besterik ez dute jakin nahi. Zergatik gauzkate hemen honela?

Zergatik utziko gaituzte Turkiako Sistema basatiaren esku? Ez gara gaizkileak, ez dugu ezer egin, ez dugu edan (bai, horrelaxe esan ziguten). Eta gure haurrek, zer egin dute gure haurrek?

Nekez eusten zaie malkoei galdera horiek egiten dizkizutenean Greziako kanpamenduetan animaliak bailiran pilatuta dauzkaten errefuxiatuek, migratzaileek. Tesalonikako portuan bertan bada kanpamendu bat; 150 siriar daude bertan, burdin-hesi batek inguratutako eremu batean dituzte jarriak dendak. Bertan sartu gara eta salam aleikun-aleikun salam labur baten ondotik, begiradarekin esan digute dena. Berehala hurbildu zaizkigu. Haurrak kostata, baina lortu dugu, irribarretsu, jostari… ikaragarria! Hori da hurbiltasuna! Hitz gutxi, emozioak bor-bor, biluzik gelditu zaizkigu gorputz-arimak.

Biharamunean egoera are gogorragoa ikusi dugu Parastemi eta Kavalako kanpamenduetan. Kanpamenduak? Ez, kartzelak dira, Espainiako CIESak bezala, militarren esku daude zazpi hilabetetik hona, baldintza penagarrietan, Turkiaren esku noiz utziko dituzten zain. Kostata baina lortu dugu gutariko batzuk barrura sartu eta haiekin egotea.

Oihu egin diegu poliziei, oihu militarrei eta ahal izan dugunean besarkadak eman dizkiegu bertan lotsagabeki atxilo dauzkaten migratzaile anai-arrebei. Kargatu ere egin dute poliziek une batez, gasa bota digute eta begietan azkura sentitu dugu, baina ondo erakutsi digute No Borders-eko gazte anarkista lagun eskuzabalek nola babestu geure burua. Txikikeriak, migratzaileek bizi duten egoeraren aldean.

Galdera bakarra: Zergatik? ¿Why?

 

Mikel Garmendia, Tesalonika No Borders kanpalekutik

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide