Asparreneko faunarentzako igarobidea eraikitzeko finantzazio bila jarraituko du Aldundiak

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 7a, 10:12

A-1 errepidea eta trenbidea zeharkatzen dituen zubia eraiki nahi dute, baina Aldundiak ez du oraingoz Europar Batasunaren finantzaziorik lortu.

Arabako Foru Aldundiak finantzabide bila jarraituko du Asparreneko ekoduktoa eraikitzeko. Hala adierazi zuen atzo Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak, Batzar Nagusiek egindako kontroleko osoko bilkuran. Izan ere, Foru Aldundiak ez du lortu zubi hau eraikitzeko Europar Batzordearen finantzaziorik.

Animalientzako igarobidea

Zehazki, A-1 errepidea eta trenbidea zeharkatzen dituen zubia eraiki nahi dute, Entziako mendilerroa eta Aizkorri-Aratz parke naturala lotuko dituena. 40 metro zabal eta 125 metro luze izango dituen tunel faltsua izango da, Asparrena parean kokatuta egongo dena. Egitura lurrez eta zuhaizka-erako landarez estalita egongo da eta animalien igarobidea erraztuko du. Modu horretan, ez lirateke ez trenbidetik ez errepidetik pasako, arriskuak murriztuz.

Galerak azpimarratu du Mendi Korridore Handiaren proiektua, Asparreneko ekodukto hau barne duena, naturaren zaintzarako interes handiko proiektua dela, Portugal, Espainia, Andorra eta Frantziarekiko nazioarteko konexioa sustatzen baitu.

  Alde batetik, Ingurumen Sailak irekita dauka Asparreneko ekoduktoari partaidetza publiko-pribatuaren bitartez bultzada emateko aukera eta, gainera, hautagaitza geroko deialdi baterako berraztertu eta osatzeko aukera aztertzen ari da. Hala izanez gero, jasotako balioespenen arabera, proiektua hobetu beharko litzateke aurkeztu beharreko dokumentazio eta justifikazio tekniko eta finantzarioan, proposamen orokorrak forma eta finantza aldetik koherentzia handiagoa izan dezan.

Gogorarazi behar da “Connect4life-Alpeetatik Portugal iparralderako mendi korridore handia” delako proiektua, Europar Batzordean aurkeztua, hamaika bazkidek bultzatutako proiektu bat dela: Arabako Foru Aldundia, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Espainiar Batzordea (NKNB Espainia), NKNBren Frantziar Batzordea (NKNB Frantzia), Catalunya – La Pedrera Fundazioa, Fundación Naturaleza y Hombre, Parc National du Mercantour (Frantzia), G2C Ingénierie (Frantzia), Instituto da Conservaçao da Natureza e das Florestas (Portugal), Instituto Politécnico de Bragança (Portugal), Instituto Politécnico de Viana do Castelo (Portugal) eta Institut d'Estudis Andorrans (Andorra).

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide