Arasur, gazteluak airean

Estitxu Ugarte 2016ko eka. 10a, 12:22

Penintsula iparraldeko gune logistiko handiena izateko jaio zen Arasur, 2006an. Hamar urte pasa dira eta basamortu erraldoia da. Bilboko Portuaren inbertsioak ez ditu dudak uxatu.

 

"Arasur mugarri garrantzitsua da Araba Europa hegoaldeko nodo logistikoa izan dadin garatzeko". Hitz horiekin agurtu du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Bilboko Portua Arasurren egiten hasi den trenbide gunea. 2003. urtean haren homologo Ramon Rabanerak honako aurreikuspena egin zuen: "Bost urteko epean Arasur Arabako garapen ekonomikoaren ardatz eta langune nagusia izango da; hamar mila lanpostu sortuko dira". Agerian da PPko ahaldun nagusiaren iragarpenak ez direla bete; ikusteke dago EAJko diputatu nagusiaren hitzak haizeak eramaten dituen edo ez.

2004. urtean jarri zuten Rivabellosako logistika gunearen lehen harria. Ordutik literatura asko eta azken finean bete ez diren promesa ugari egin dituzte alderdi politiko ezberdinen agintari politikoek, eta enpresariek. Bilboko eta Pasaiako portuko jarduerak barnealdean osatzeko sortu zuten Arasur. Errepidetik sartzen ziren merkantziak trenbidera bideratzeko egitura izateko jaio zen eta, are gehiago, merkantziak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan banatzeko gune logistiko indartsua.  

"Euskadiren garapenerako ezinbesteko egitura da" esan zuen Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 2006an plataforma inauguratu zutenean. Garai haietan N-1 errepidetik egunero 15.000 kamioi igarotzen ziren, eta 2010. urtean errepideak kolapsatu egingo zirela aurreikusten zuten Europako Batzordeko adituek. Industrialdearen orduko gerente Fernando Hernandezek uste zuen Arasur "gako nagusia" izango zela egoera horretan: "Airetik Europa osoarekin konektatzeko balio du eta itsasotik Bilbo eta Pasaia bitartez Hamburgo, Rotterdam eta Amberesko portuak lotuko ditu".

Hamar urte geroago errealitatea oso bestelakoa da. Penintsulako iparraldeko plataforma logistiko handiena izatetik basamortu erraldoia izatera igaro da Arasur. Rabanerak iragarritako 10.000 lanpostuetatik nekez sortu dira 60, eta garaiko Arasurreko lehendakari Gregorio Rojok agindutako milioetako inbertsio pribatuak ez dira gauzatu. Egun, bost enpresa bakarrik daude Rivabellosako logistikan: Perfumerias If (2008tik), Compass Transworld (2008tik), Grupo Husa (2008tik), Rompetrol (2009tik), eta Gestamp (2015tik). Beste batzuk, DIA esate baterako, Arasur utzi eta Miranda de Ebroko ondoko industrialdeetan kokatu dira. 

Arasur versus Pancorbo

Krisi ekonomikoak eta aurreikuspen faltak utzitako egoera prekarioari gehitu zitzaion duela sei urte Bilboko Portuak Pancorboko (Burgos) plataforma logistikoaren alde eginiko apustua. 2010. urteko abenduan Penintsulako iparraldeko portu lehor handiena izateko lasterketa galdu zuen Arasurrek, eta Rivabellosatik 20 kilometrora eraikitzen ari da egun Bilboko Portuaren Agintaritza bere portu lehorra. Aurten funtzionatzen hasiko da. 

Erreportaje osoa, 64. ALEAn. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide