Asteburu honetan hainbat mugimendu sozial eta sindikalek antolaturiko Txirrinka martxa egin dute. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu! lelopean, txirrindularitza martxa honek azken urteetan inguruan garatu diren edo mehatxatu dituzten egitasmo eta azpiegitura handiak salatzea du helburu, hala nola, AHTa, frackinga, Garoñako zentrala edo errauskailuak.
Arabako zutabea Gasteizko Errekaleor auzotik abiatu zen larunbat goizean. Hortik, hiriko auzo ezberdinak eta erdigunea zeharkatu zituen eta ondoren, Duranatik atera zen Aramaiora abiatzeko. Besteak beste, Luko, Urbina eta Legutiotik pasa zen txirrindularitza martxa. Ingurumenaren aldeko martxa honetan parte hartu duten Arabako eragileen artean, besteak beste, Errekaleor Bizirik, Gaztetxea, Zero Zabor, Garoñaren aurkako foroa, Zabalgana Batuz, Eguzki, Naturarekin Bat, Gazte Asanblado, Errota, Judimendi eta Abetxukuko auzo elkarteak, Arkillos, Fracking Ez Araba, Barrongo urtegiaren aurkako plataforma, Uaga eta Legutio eta Aramaioko gazte asanbladak aurkitzen dira.
Atzo, igandean, Bergaran amaitu zen Txirrinka 2016. Bertan, lau zutabe txirrindulariek bat egin zuten. Arabako zutabea, esaterako, Aramaiotik abiatu zen atzo goizean. Ekimenari amaiera emateko ekitaldia egin dute frontoian eta bertan lekukoekin batera zeramatzaten hainbat testu irakurri dituzte, bat zutabe bakoitzeko. Arabako testuak Juan Ibarrondo idazleak irakurri zuen.