70 plaza eskainiko ditu Aldundiak

Erredakzioa 2016ko api. 15a, 08:50

2016ko bigarren seihilekoan lan eskaintza publiko bat (LEP) onartuko du. Unibertsitate titulu ertain eta goi-mailakodunen taldeetarako izango dira.

Arabako Foru Aldundiak 2016ko bigarren seihilekoan lan eskaintza publiko bat (LEP) onartuko du, 60 eta 70 plaza bitartekoa, foru aldundiko kualifikaziorik handieneko taldeetarako (A eta B taldeak), alegia, unibertsitate titulu ertain eta goi-mailakodunen taldeetarako. Deialdiaren ezaugarriak eta oinarriak sindikatuekin negoziatzen ari da.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak azaldu bezala, LEPerako hurrengo deialdia negoziazio mahaian dago, foru langileriak dituen egiturazko hiru arazo  konpontzeko: bitarteko langileen tasa % 23 baino handiagoa izatea; langileen batez besteko adina (51 urte) oso handia izatea; eta lan poltsak zaharkiturik eta/edo agorturik egotea. “Gogorarazi beharra dago azken lan eskaintza publikoa duela ia 12 urte izan zela”, adierazi du.

Ildo horretan, agintaldian zehar hainbat LEP onartzeko asmoa dutela iragarri du. Lehenbiziko LEPa 2016ko bigarren seihilekoan onartuko da, urte honen amaieran seguruenik, eta hautaprobak 2017an zehar egingo dira.

“Estatuko Aurrekontuen Legeak ezartzen duen % 100eko birjarpen tasa bat dator Arabako Foru Aldundiaren A eta B taldeenarekin, eta, hori dela eta, lehenbiziko LEPean hiru talde horietako plaza hutsak eskainiko dira. Zenbat plaza eskainiko diren zehazki negoziatzeko dago oraindik sindikatuekin, baina 60 eta 70 lanpostu bitartean izango dira”, zehaztu du.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzako arduradunek eta langileen ordezkariek osatutako batzorde bitariko bat ari da negoziatzen lehenbiziko lan eskaintza publiko hau duela hainbat astetik, zenbat plaza eta nolakoak eskainiko diren eta deialdiaren oinarriak. Batzorde horrek bi bilera egin ditu dagoeneko, eta asmoa da beste hirugarren bat egin dezan datorren astean.

Cristina Gonzalezek adierazi du gainerako taldeetako plaza hutsak aurreragoko deialdietan eskainiko direla, eta nabarmendu du LEP horien diseinuan kontuan hartuko dela sail batzuen eta besteen antolamendua eta langile publikoen profil profesionalak, baina halaber hartuko dela kontuan administrazio elektronikoaren eta berrikuntza publikoaren proiektuak eraginkortasunez garatzeko beharrezkoa den egokitzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide