Bisoi europar berri bat harrapatu eta identifikatu dute

Estitxu Ugarte 2016ko api. 12a, 14:33
Irudia: Arabako Alea

Izkiko parke naturalean harrapatu dute gaur goizean eta Martiodara eraman dute. Identifikatu ondoren, itzuli dute hartu duten errekara. Munduan desagertzear dauden espezieen artean arrisku gehien duenetarikoa da bisoi europarra.

Azken 25 urteetan lehenbiziko aldiz bisoi europar bat atzeman dute Izkiko parke naturalean. Basozainek bisoi amerikarraren ugalketa kontrolatzeko jartzen ohi dituzten tranpa batean sartu da animalia gaur goizean, eta bertatik Martiodako animaliak sendatzeko zentrora eraman dute. Identifikatu gabe zegoela ikusi ondoren, odola hartu, mikrotxip batekin identifikatu, eta zegoen errekara itzuli dute. 

Munduan desagertzear dauden espezieen artean arrisku gehien duenetarikoa da bisoi europarra. Mustelido hau babestea eta berreskuratzea bilatzen duen Life Lutreola proiektuan parte hartzen du Arabako Foru Aldundiak, eta haren menpe dagoen Martiodako zentroak. Life lutreola ekimenaren sustatzaileek bisoi amerikarra harrapatzeko kutxak jarri dituzte ibai eta erreka bazterretan. Arabako Aldundiko Ingurumen sailak azaldu duenez, iaz 78 bisoi amerikar atzeman zituzten Araban, eta soilik zazpi europar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide